Kamiñazpiko igogailuaren proiektua aurkeztu berri du Ondarroako Udalak
Martitzenean [uztailak 16] bildu zen Ondarroako Udala Kamiñazpi auzoko bizilagunekin, igogailuaren proiektua aukezteko. Ikasturtean zehar bilduko da berriro, behin betiko proiektua erakusteko.
Kamiñazpiko auzokideekin bildu zen Ondarroako Udala martitzenean [uztailak 16], auzoko goialdeko igogailuaren proiektua aurkeztu eta bizilagunek dituzten zalantza eta kezkak argitzeko.“Oso ondo joan da bilera. Kamiñazpiko goiko aldeko igogailua egiteko bidea zein izango den azaldu diegu”, aipatu du Irina Alkorta alkateordeak
Azaroan hasiko dira obrekin eta urte erditik urtebetera arte iraungo dutela zehaztu zuten udal ordezkariek. “Diru laguntza bat jaso du udalak eta 700.000 euroko aurrekontua izango dugu proiektua aurrera eraman ahal izateko”.
Bileran proiektuaren ideiaren planoak erakutsi zizkieten bizilagunei, lehengo proiektutik aldaketak dituelako, baina erakutsitako irudiak gutxi gorabeherakoak direla argitu dute: “Bizilagunek ideia bat egiteko dira irudi hauek, aurreko proiektutik oraingora aldaketa batzuk daudelako. Baina ez dira behin betikoak”. Ezinbesteko proiektua dela azpimarratu du Alkortak, batez ere, 100 familia baino gehiagorentzako zerbitzua emango delako.
Bilerara hurbildu direnei eskerrak eman dizkie udaletik eta ikasturte berriarekin batera beste bat deituko dutela adierazi dute, behin betiko proiektua aurkeztu eta obren nondik norakoak azaltzeko. “Bizilagunen kezkak eta zalantzak entzun ditugu eta norbaitek ekarpena egin nahi izanez gero datorren aste amaierara arte izango du epea, erregistro bidez. Hirigintzara bideratu beharko dute ekarpena idatziz eta proiektua aurrera eramaten dabilen enpresari bideratuko zaizkio”, zehaztu dute.