Lekeitioko San Andres auzoko lorategia txukuntzeko, auzolana
Datorren martitzenean [uztailak 23] Lekeitio Lagunkoia taldearen ekimenez elkartuko dira herritarrak. San Andres auzoko kideei laguntzera joateko deia luzatu diete.
Argazkia: Lekeitio Lagunkoia. Lekeitioko Lagunkoi taldeak antolatuta auzolan ekintza batean murgilduko dira herritarrak datorren martitzenean [uztailak 23]. 17:00etan ipini dute hitzordua, San Andres auzoan.
Sosoaga dolarearen garbiketa eta pintaketa lanen jarraipena izango da martitzenekoa, eta San Andres auzoko lorategian mantentze lanak egingo dituzte. Azaldu dutenez, bi ordu inguruko lana izango da egingo dutena: belar txarrak kendu, lurra atxurtu eta ongarria botako dute. Horretarako, eskularruak eroateko gomendioa luzatu dute Lagunkoi taldekoek, eta baita amaierarako mokadutxoa ere. Eskularruez gain, gainerako tresneria Lekitto Bedarra taldeak ipiniko du. Era berean, Denbora Bankuko taldearen eta Abaroa Auzolan taldearen laguntza izango dute. Abaroako Auzolan Taldeko IƱaki Gezuraga lorezaintzako aditua egongo da bertan, lorategian dauden lore eta landareen azalpenak emateko.
Auzotarrei ere, nola ez, laguntzera joateko deia luzatu diete: “Bertan bizi diren pertsonei eskatzen diegu bereziki laguntzeko, eta mesedez parte hartzeko ekintza honetan, ze, euren auzoa hobetzeko ekintza da”. Lagundu nahi dutenek ez dute izenik eman beharko, bertaratzearekin nahikoa izango da.