Simon Bolivarren 241. jaiotza urteurrena ospatuko dute eguaztenean
Goizean 'Araguaney lorea' liburuaren hitzaldia, ekitaldia eta lore eskaintza egongo dira. Arratsaldean, berriz, D'Capricho taldearen kontzertua eta 'Eraitsi S.L.' antzezlana egongo dira.
Egun garrantzitsua da Ziortza-Bolibarko herriarentzat uztailaren 24a. Simon Bolivarren jaiotza urteurrena ospatzen dute urtetik urtera, eta aurtengoan 241. urteurrenaren txanda izango da. Ziortza-Bolibarko Udalak, Simon Bolivar Museoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute, beste behin ere, herrian hain garrantzitsua den egun hori.
Antolatzaileek azaldu dute urteko egun guztietan Simon Bolivar Museoa zabalik egoten den arren, urtean “egun handi bat” eskaini nahi izaten diotela Bolivarri, memoria mantentzeko asmoz. Era berean, adierazi dute Venezuelarekin eta bertakoekin duten harremana indartzeko eta sustatzeko ere egun aproposa izan ohi dela.
Hori horrela, 11:00etan emango diote hasiera egunari, udaletxeko goiko solairuko aretoan. Araguaney lorea liburua izango dute hizpide, Jokin Urain Ataramiñeko editoreagaz eta Arantza Eziolaza ilustratzaileagaz batera. Maria Mercedes Antxeta euskal venezuelarrari buruzko liburua da, eta hari Donostian gertatu zitzaiona kontatzen du Martin de Aranezio idazleak. Antolatzaileek adierazi dutenez, ez da oso liburu ezaguna, eta horregatik antolatu nahi izan dute hitzaldia.
Ostean, eguneko une garrantzitsuenaren txanda helduko da. 13:30ean lore eskaintza egingo diete Bolivarren monumentuari, eta ekitaldia egingo dute hainbat politikarik. Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko alkateagaz batera egongo dira Glenna del Valle Venezuelako Kontsulatuko ordezkaria, Julen Arzuaga EH Bilduko ordezkaria eta Mikel Burzako EAJko ordezkaria. Ekitaldiagaz amaitzeko D’Capricho taldeak abesti bat eskainiko du.
Arratsaldeko ekintzekin hasteko ere, D’Capricho taldearen txanda izango da, 17:00etan, plazan eskainiko duten kontzertuan. Egunagaz amaitzeko Geuretik Sortuak bekagaz sortutako Eraitsi S.L. antzezlana ikusteko aukera egongo da, 19:00etan, plazan.
Egitaraua.
- 11:00. Araguaney lorea liburuari buruzko hitzaldia, udaletxeko goiko aretoan. Jokin Urain Larrañaga Ataramiñeko editorearen eta Arantza Eziolaza Galan ilustratzailearen eskutik.
- 13:30. Ekitaldia eta lore eskaintza, plazan.
- 17:00. D’Capricho taldearen kontzertua, plazan.
- 19:00. Eraitsi S.L. antzezlana, plazan.