Txakur bat desagertu da Markina-Xemeinen
Uztailaren 16an petardoen soinuekin beldurtuta ihes egin zuen. Azkenengoz atzo [uztailak 17] eguerdian ikusi zuten, Iturreta inguruan.
Ixchel arraza galgoko txakur emea galduta dago martitzen [uztailak 16] gauetik; norbaitek ikusiko balu harrapatzen ez saiatzeko eskatu dute, eta 626 57 73 44 telefono zenbakira deitzeko. Azaldu dutenez, uztailaren 16 gaueko jaietako petardoen soinuekin beldurtuta alde egin zuen.
Joan den astean Txikas de Etxauri elkartearen bitartez adoptatutako txakurra da Ixchel; tamaina txikikoa da eta kolore marroi argi eta ilunekoa. Azkenengoz atzo [uztailak 17] eguerdian ikusi zuten Markina-Xemeingo Iturreta auzoaren inguruan, 13:30ak aldera. “Agarranburu eta Itxurran baserrien inguruan ikusi dugu, Iturretara joateko errepidean, Markina-Xemeindik 3,5 kilometrora. Urduri zegoen eta korrika alde egin du 200 metro inguru. Ostean, beherantz joan da, Etxebarria eta Barinaga inguruan dagoen zonaldera”, azaldu dute txakurra ikusi dutenek. Gau eta egun Ixchel-en bila ibili diren arren, ordutik ez dute berriro ikusi.