Egiteko, ikusteko, dastatzeko eta gozatzeko jaiak
Santiago eta Santa Ana jaiak goi-goitik ospatuko dituzte Lea-Artibaiko udalerrietan. Ospakizunaren muina musikaren, gastronomiaren, kirolaren eta ohituraren koordenadetan mugituko da. Kontzertuak egongo dira plazaz plaza, eta tokian tokiko antolatzaileek egun zein gaueko egitarau oparoak prest dituzte.
Termometroen tenperaturek gora egiten duten heinean, Lea-Artibaiko herrietan ospakizunerako grinaren berotasunak ere gora egin ohi du, uztaila bere amaierara heltzear dagoela. Santiago eta Santa Ana jaiak herriko jai nagusiak dira Etxebarrian eta Ispasterren.
Ispasterren, “ohiturari tiraka” antolatu dituzte santiagoak: “Herritarren artean ondo funtzionatu ohi duten eta gustuko dituzten ekimenekin osatu dugu jaietako egitaraua, besteak beste, herri kirol saioak, talde bazkari herrikoiak eta kontzertuak mantenduz, baita programazioari berritasunen bat edo beste txertatuz ere”. Hain zuzen, egitarauan sartu ez duten arren, bihar [uztailak 20], 08:30ean hasita, III. Pintura Txapelketa egingo dute, eta lehiaketa horretako sariak iluntzean banatuko dituzte. Domekan [uztailak 21], aldiz, VII. Erakus-Txakurren lehiaketa egingo dute. Antolatzaileek “lehiaketa eta ikuskizun hutsa” izango dela nabarmendu dute: “Ez da hilketarik egongo”.
Herriko trikiti eta pandero eskoletako ikasleek botako dute txupina Ispasterrwn
Santiago bezperan, hilaren 24an, hasiko dituzte ofizialki jaiak: herriko trikiti eta pandero eskoletako ikasleek jaurtiko dute txupina. “Herrian oso errotuta dagoen taldea da; azken urteotan, batik bat, eskolaren ikasturte amaierako jaialdian eta San Martin jaietan jo izan dute”. 33. Kros Lasterketa Herrikoia izango da, Mus Txapelketagaz batera, jaietako gailurretako bat. Emakumezkoen eta gizonezkoen bosna kategoria egongo dira; 1,1, 2,3 eta 7 kilometroko ibilbideak osatuko dituzte herrigunean.
Ispasterko herri bazkarirako tiketak erosteko aukera dago, uztailaren 26 goizera arte
Bestalde, astelehenaz geroztik, salgai daude hilaren 27ko Santanatxu eguneko herri bazkarirako tiketak. Herriko taberna bietan eta janari dendan eskuratu daitezke, uztailaren 26 goizera arte. Udaletik 200 lagun inguru biltzea aurreikusten dute. Horrez gain, Aukeran dantza konpainiak Santa Ana egunean emango duen Aiurri ikuskizuna ere nabarmendu dute: “Aurtengo berritasun nagusienetakoa da”. Ez hori bakarrik: “Uztailaren 28an, jaiak amaitu berri, Quintana ahizpek Santiago baselizan a cappella abestuko dute”.
Udalak eta gazte asanbladak parte hartu dute, besteak beste, Etxebarriko jaien prestakuntzan
Etxebarritarrak ere jaien atarian daude, “oso gogotsu, gainera”. Udaletik azaldu dutenez, “aniztasuna” da aurtengo jai egitaraua josterakoan eduki duten iparrorratza: “Jaiak ahalik eta koloretsuenak eta aberatsenak izatea bilatu dugu”. Horren erakusle, jaiei soinu banda ipiniko dien musika: “Era guztietako talde eta estiloak bilatu ditugu; besteak beste, rocka, erromeriak zein mariatxiak egongo dira, hau da, denetarik eta denentzat”. Udaletik gazte asanbladaren lana aintzatetsi dute: “Kontzertuak, afaria eta bestelakoak antolatu dituzte, modu ederrean”. Adin tarte guztiek plaza edukiko dute jaietan: umeen, kuadrillen zein nagusien egunak egongo dira.
Etxebarrian, Emare herriko talde feministak botako du txupina
Jaietarako prestatuta.
Udaletik adierazi dute etxebarritar gehienek “lanak egin” dituztela: “Jaietako ekimen gehienetarako izen emateak gaur bertan [uztailak 19] zarratuko dira; herritarrek erosi dituzte beraien txartelak, eta horrek jaiekiko atxikidura dutela bistaratzen du”. Aurten, Emare herriko talde feministak botako du txupina, “herriko eragile esanguratsuenetako batek”. Ostean, guraso elkarteak antolatutako danborradak girotuko ditu kaleak. Egitarauko lehen ekimenari, plater tiro txapelketari ere, bereziki erreparatu diote: “Jaietan 80 urtetik gorako tradizioa daukan egitasmoa da Esteban Espillaren omenez egiten dena”.
400 herritar inguru espero dituzte paella herrikoian, eta 50etik gora jubilatuen bazkarian
Antolatzaileek aurreikuspen onak dituzte hala hilaren 27ko paella herrikoirako, nola biharamuneko jubilatuen bazkarirako: “Lehenengoan 400 herritar inguru elkartzea espero dugu, hau da, biztanleriaren erdia inguru; jubilatuak ere ez dira atzean geratuko, 50etik gora lagun izango baitira”. Uztailaren 26rako, gazte asanbladak afaritarako deia luzatu du, eta horretarako oraindik sarrerak eros daitezke, herriko tabernetan. Mahai inguruan ez ezik, txapelketetan ere parte hartzeko prest daude etxebarritarrak: “Umeen egunean, 10-17 urte artekoak zein baino zein gehiago ariko dira Chef Txapelketan, tortillarik onena zeinek kozinatuko; momentuz, bost kuadrillak izena eman dute. Kuadrillen eguneko play-back txapelketara gaur-gaurkoz hiru lagunarte animatu dira”.