Erasoen aurrean, autodefentsa feminista
Eraso matxisten aurrean, prebentzio gisa mobilizazioa deitu du Mutrikuko Bizixo Jai Konpartsak. Bihar [uztailak 20] 22:00etan Beheko Plazan elkartuta aterako dira herritarrak.
Mutrikuko Malen jaien lehen egunean, “erasoen aurrean autodefentsa feminista” oihukatuz aterako dira kalera zapatuan, Gazte Egunean, Mutrikuko Bizixo Jai Konpartsako kideak, Marimatraka batukada feministak mobilizazioa danbor hotsez girotzen duen bitartean. Duela urte batzuk hasi ziren jai batzordetik eraso matxisten aurkako protokoloa diseinatzen, eta ordutik lantalde bat ibili da protokoloa lantzen, prebentzioa eta erantzuna helburu izanda: “Protokoloa lantzen hasi ginenean, prebentzio eta borroka tresna bezala mobilizazio potente bat egiteko aukera zegoela ikusi genuen, jaiei hasiera eman, kaleak eta gauak gureak ere badirela aldarrikatu, eta erasoen aurrean autodefentsa feministarekin erantzungo dugula argi uzteko”.
Beraz, aurten ere mobilizazioa deitu du Bizixo Jai Konpartsak bihar [uztailak 20], 22:00etan. Beheko Plazan hasiko da manifestazioa eta hortik Goiko Plazara igoko dira, bertan, Marimatraka batukada feministak hainbat abesti jo ostean gaztetxe aurrean egingo dute hurrengo geldialdia, eta azkenik, Beheko Plazara bueltatuko dira berriro, mobilizazioari amaiera eman eta gauari hasiera emateko. “Urtero egin izan da mobilizazioa gauean, eta aurten ere formatu horretan jarraituko dugu, kontzienteki hartutako erabakia izan da. Aurreko urteetan uztailaren 21ean egin izan dugu, baina, aurten, uztailaren 20a zapatua dela aprobetxatuta eta kalean jende asko egongo dela kontuan hartuta, kaleak hartzeko momentu egokia dela ikusi genuen, gure presentzia bermatu eta hemen gaudela esateko”.
Emaginen arreta zerbitzua egongo da bihar (telefono zenbakia: 679 16 25 07) eta puntu morea egongo da uztailaren 24an, Errotiken eskutik.
Protokoloa. Txosnagunean egongo den eraso matxisten kontrako protokoloak “erpin desberdinak barnebiltzen” dituela aipatu dute Biziko Jai Konpartsako kideek: “Alde batetik, erasoa zer den definitu dugu protokoloan eta honen lanketan, eta intentsitate maila desberdinak ere zehaztu ditugu. Txosna Batzordeko eta Jai Batzordeko kideekin formakuntza saioa ere egin genuen”. Mutrikuko Malen jaietan 24 pertsona egongo dira protokoloa aurrera eramaten, egunean sei pertsonek izango dute ardura eta txanda bakoitzean hiruk. “Arduradunen artean hiru funtzio banatu ditugu: protokoloa bera aktibatuko duen figura egongo da, gero, erasoa jasan duen pertsona artatuko duena eta azkenik, erasotzailea kanporatuko duena”. Aurreko urteetako irakaspenetatik jaso eta oraingoan protokoloa horrela bideratzeko erabakia hartu dute, momentuko kudeaketa eraginkorragoa izateko helburuarekin: “Momentuan, eraso bat kudeatzea ez da erraza izaten, tentsio handiko uneak baitira. Beraz, aurten horrela banatu ditugu ardurak”.
Horrez gain, Beheko Plazako tabernekin harremanetan jarri dira, erasoen aurrean txosnagunea eta inguruko tabernak koordinatuta egoteko. Mutrikuko Udalarekin ere harremanetan egon dira: “Emaginen arreta zerbitzua egongo da bihar (telefono zenbakia: 679 16 25 07) eta puntu morea egongo da uztailaren 24an, Errotiken eskutik. Presentzialki ere egun horretan egongo dira Errotik Elkarteko kideak, Luardon”.
Aurrelanketa. “Jaien aurreko asteetan moskeo kanpaina egin dugu, ohiko leloetatik atera eta jendea zuzenean interpelatzeko helburuarekin. Hamazortzi esaldi jarri ditugu herriko kaleetan, eta sare sozialen bidez ere bideo bat zabaldu dugu”, aipatu dute Bizixo Jai Konpartsako kideek. “Eta erasotzailea zure gertukoa bada, zer?”, bezalako esaldiekin bete dituzte Mutrikuko kaleak eta jaietan ere, beraien aldarriak herriko txoko guztietara eramango dituzte, erasoen aurrean autodefentsa feministarekin erantzunez.