Ingurumen zaindariak batzen
Mater ontzi museo ekoaktiboa uztailaren 12an porturatu zen Ondarroan, eta astelehenean Mutrikura ailegatu ostean, atzo arratsaldetik Hondarribian dago.
Zero Zabor Uretan kanpainaren bidez, itsas hondakinen arazoa erdigunean jarrri eta herritarrekin arazoaren konponbidea lantzen dute, kontzientziak piztuz. Horretarako, besteren artean, bisita gidatuak, erakusketa eta tailerrak eskaintzen dituzte.
Mater ontziaren arduradunek esan bezala, Mutrikun 324 elementu jaso dituzte bertako tailerretan parte hartu duten 20 pertsonen artean. 1,12 kilo hondakin bildu dituzte: 200 zigarrokin, 19 litxarreri bilgarri eta 15 arrantza pita. Hala, esker ona adierazi diete aste honetan bertaratutakoei: “Eskerrik asko Mutriku, emandako harrera beroarengatik. Lan bikaina itsas hondakin potentzialak portuan biltzen eta hauekin itxaropen tantak sortzen. Plazerra itsas maitalez beteriko portua bisitatzea”.
Besteak beste, duela bi egun Ingurumenaren Zaintzaileen Egunean bisita ekoaktiboa aurkeztu zuten Mutrikun. Mater ontziko hezitzaileek eskainitako bisita horren helburua “arimak sentsibilizatzea da, itsasoaren garrantzia eta horren egungo egoera ezagutaraziz”. Hain zuzn ere, gogoratu dutenez, helburua nagusia “bisitari oro ingurumen zaindari bihurtzea da”.
Dinamikaren seigarren aldi honetan, uztailean zehar Euskal kostaldeko zortzi portutatik pasatuko da Mater ontzia, eta Ondarroa izan da aurtengo itsas zeharkaldiarenĀ hirugarren portua. itsas hondakin potentzialak biltzeko duten kaiolan 650 hondakin baino gehiago sartu dituzte ondarrutarrek: “2 kg hondakin gutxiago helduko dira itsasora herritarren inplikazioari esker”. Beste behin, bildutakoen artean, litxarreriak eta zigarrokinak nabarmendu dituzte. Zehatz esateko, 286 zigarrokin, 148 lixarreri bilgarri eta 47 paperezko ezpainzapi batu zituzten.