Ana Vega eta Enaitz Goñi, nagusi Ondarroako itsas lasterketan
320 lagun inguruk eman zuten izena Ondarroako itsas lasterketan. Antolatzaileek balorazio “oso positiboa” egin dute.
Zapatuan [uztailak 20] ospatu zen 37. Elena Fernandez Iturrioz Memorialeko itsas lasterketa, Ondarroako Arrigorri hondartzan. Eguraldia lagun izanik balorazio “oso ona” egin dute Ondarroa Igeri Taldeko antolatzaileek, “oso giro polita egon zen. Itsas lasterketa posible izateko lan egin duten pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu Ondarru Igeri Taldetik, boluntario guztiei eta baita herriko merkatalgo guztiei, handiei zein txikiei”.
320 lagunek eman zuten izena eta guztira 300 pertsonak parte hartu zuten egunean bertan, gutxi gorabehera. “Lehenengo gazteen txanda izan zen, 600 metrotako lasterketa burutu zuten. Honetan, emakumezkoak izan ziren gehiengoa. Nagusiek 1600 metroko ibilbidea egin zuten eta lasterketa honetan, gehiengoa gizonezkoak izan ziren. “Egia da orokorrean gizonezkoek gehiengoa izaten jarraitzen dutela baina gutxinaka geroz eta emakume gehiagok hartzen dute parte”, adierazi dute Ondarru Igeriketa Taldetik.
Sailkapenari dagokionez, 600 metroko lasterketan Ondarru Igeri Taldeko Elaia Mujika eta Dylan Akarregi Murphy izan ziren irabazleak, lehenengoa 0:07:11ko denboragaz eta bigarrena, 0:07:00ko denboragaz. 1600 metroko nesken sailkapenari erreparatuz, junior kategorian Izarraitz Igeri Taldeko Anne Sagarmenik eskuratu zuen lehenengo saria, 0:20:39ko denboragaz. Absolutuetan Ana Vega izan zen lehena 0:20:25ko denboragaz eta nagusiei dagokionez, Zumaiako Triatloi Taldeko Leire Ceciagak lortu zuen denbora onena egitea: 0:23:44.
Gizonezkoen sailkapenari dagokionez, Kairoscore taldeko Jurgi Sukunzak egin zuen denbora onena junior kategorian, 0:19:13ko denboragaz. Absolutuetan Enaitz Goñi izan zen lehena 0:17:43ko denboragaz eta nagusietan Nacho Diaz-Crespo izan zen irabazlea, 0:21:25ko denboragaz. Sailkapeneko sariez gain, parte hartzaile guztien artean herriko merkatalgo desberdinetako produktuak zozketatu zituzten
Ondarru Igeri Taldeko haurrek momentu berezia eskaini zioten beraien entrenatzailea den Ioar Urkiri mutrikuarrari, laster taldea utziko duelako. “Gaztetxoek eskutitz bat irakurri zien entrenatzaileari, eskerrak ematen eta guk ere, igeri taldetik eskerrak eman nahi diogu Ioar Urkiri, urte hauetan guztietan egindako lanagatik”.
Datorren urtera begira formatu berdina mantenduko dute antolatzaileek: “Gustura gaude horrela, eta datorren urtean ere berdin jarraituko dugu. Helburua herrikoia izatea da eta ahalik eta jende gehienek parte hartzea, beraz, horretan jarraituko dugu”.