Munitibarrek hartuko du aurtengo VI. Lea-Artibai Klasikoa
Irailaren 15ean ospatuko da, beste urte batez, eskualdeko eta inguruko errepideak zeharkatuko dituen VI. Lea-Artibai Klasikoa. Oiz mendiaren babespean, Munibarretik hasiko da lasterketa "Altxor naturalen erakuslehio”.
Markina-Xemeingo, Lekeitioko eta Berriatuako Txirrindulari Elkarteek VI. Lea-Artibai Klasikoa antolatu dute. Oiz mendiaren babespean Munitibarrek hartuko du aurten txirrindulari lasterketaren hasiera. Inguruko errepideetan barrena Urdaibai Biosfera zeharkatuko dute txirrindulariek, itsas ertzari itsatsita dauden kilometroetatik igaro eta Bizkaiko Behatokian gora-behera ibili ondoren, berriro Munitibarrera heltzeraino.
Bi ibilbide antolatu dituzte: ibilbide laburrak 77 kilometro eta 1323 metroko desnibela izango duen bitartean, ibilbide luzeak 118 kilometroko eta 2193 metroko desnibela izango du. Aurtengoan, lehenengoz, irtezeko ere bi ordutegi zehaztu dituzte. Antolatzaileen esanez, “txirrindularien abiadura ezberdinak trafikoan izan ditzaken arazoak ekiditeko” helburuarekin. Beraz, astiroago joan nahi dutenak 8.30etan irtengo dira eta bizkorrago ibiltzeko asmoa dutenek 9.00etan izango dute irtetzeko aukera. Amaitzean parte hartzaileentzako eskualdeko jakiekin prestatutako pintxoak egongo dira eta eskualdeko produktu ezberdinekin osatutako saskiak zozketatuko dira.
Izena emateko epea zabalik dago 30 euroren truke eta Irailaren 9an amaituko da. “Ausartu, animatu eta etorri. Horreka Lea Artibai eskualdean inguruan ezkutatuta dauden altxor naturalak ezagutzeko aukera izango duzu” adierazi dute antolatzaileek.