45 umek parte hartu dute Berriatuko udalekuetan
Era berean, begirale titulua ateratzeko diru laguntza jasotzeko deialdia atera du udalak.
Joan den barikuan [uztailak 19] amaitu ziren Berriatuko Udalekuak. Antolakuntzatik udalekuen balantze “positiboa” egin dute. Guztira 45 umek parte hartu dute, hamabostaldi bakoitzean 35 ume egon dira. Hala ere, udaletik dagoeneko hurrengo urteko udalekuetara begira jarri dira.
Hain zuzen ere, begirale titulua ateratzeko diru laguntza jasotzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren deialdiagaz bat egin du udalak. “Oporraldian, eta batez ere udan, herriko haur eta gazteentzat aisialdirako eskaintza bermatu nahi du eta horretarako beharrezkoa ikusi da herriko gazteak zerbitzu hau bermatu ahal izateko formazio jaso dezaten eta hori erraztu nahian, Berriatuko Udalak dirulaguntza-deialdi hau onartu du”.
Helburua da Eusko Jaurlaritzak homologatutako Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulua lortzeko egin behar den ikastaroa egiteko laguntza ekonomiko bat ematea. Horretarako, 16-35 urte bitarteko berriatuarrek baldintza nagusi bat bete behar dute. Hizkuntzari dagokionez, EGA, C1 edo horien baliokidea de agiria ezagutzea. Bestela, titulazioa ez duenak ezagutza hori Berriatuko AEK euskaltegiak egindako probarekin frogatu ahal izango du, eskaera egiterako garaian eskatuz gero.
Izena emateko epea azaroaren 15ean amaituko da. Udaletxean bertan egin daiteke eskaera, NANaren fotokopia aurkeztuz, izanez gero, 3. hizkuntza eskakizunaren ziurtagiria eta ikastaroaren matrikularen ziurtagiria. Ikastaroa euskaraz izan beharko dela adierazi dute.