Mamarrazokan apuntatzeko epea zabalik abuztuaren 9ra arte
Aurten ere Ondarroako Andra Mari jaietan Mamarrazoki antolatu du Onoren txosna batzordeak. Abuztuaren 14an izango da, Amnistia egunean, 11:00etatik 15:00ak bitarte Plaza Musikan.
Sortzaileei herrian eta jaietan espazioa emateko asmoz sortu zuen duela hiru urte Ondarroako txosna batzordeak Mamarrazoki. 25 postu inguru egon izan dira aurreko urteetan. Bitxiak egiten dituenetik hasi eta serigrafiatutako kamisetak saltzen dituenera arte. Baldintza bakarra: sortzailea izatea. Aurten, aldiz, zenbait berritasun ekarriko ditu Mamarrazokak. Ohiko postuez gain, ukendu naturalen postua egongo da, baita Arbizutik datorren gazta postua ere.
Antolatzaileek parte hartzeko deia egin dute: “Sortzaileek beraien arteko sarea osatzeko ezinbesteko aukerak dira Mamarrazoki bezalako espazioak”. Parte hartu nahi dutenentzat, hurrengo telefono zenbakiak jarri ditu eskura Onoren-ek: 688 88 82 47 edo 688 63 72 83. Apuntatzeko azken eguna abuztuaren 9a izango da.