Herria eta bere jendea mihisean islatuz
Ispasterko III. Margo Lehiaketak parte hartze aparta eduki du; antolatzaileak «oso pozarren» agertu dira.
Ispastertarrek maila handiko margolaritza eta herrigintza uztartu dituzte berriki, herriko jaien atarian. Iragan zapatuan [uztailak 20], Ispasterko Udalak antolatuta, III. Margo Lehiaketa egin zuten. Teknika librea baliatuta, parte hartzaileek langai jakin bati buruzko obrak sortu behar izan zituzten: Ispaster eta bere jendea.
Udaleko antolakuntza lantaldea “oso pozarren eta asebeteta” agertu da lehiaketaren hirugarren ekitaldiak edukitako jarraipenagaz: “Parte hartze oso polita eduki dugu; nagusi mailan, esaterako, hamasei izan dira parte hartzera animatu direnak, eta tartean maila handiko egileak egon dira”. Hurrenez hurren, Iker Mugarrak, Jose Luis Lopezek eta Jose Manuel Aznarrek lortu dituzte lehen hiru sariak, nagusien sailkapenean.
Umeen artean, berriz, ondorengoak izan dira lehen hiru sailkatuak: Lizar Zumarraga, Lur Alberdi eta Izar Alberdi. Gazteen sailkapenean Paula Arruza gailendu da; sailkapen berezian, aldiz, Aritz Guinea.
Maila handia.
Egindako obren bataz besteko maila nabarmendu gura izan dute antolatzaileek. Txapelketan laguntzen egon zen, hain zuzen ere, Eneko Arruza artista lekeitiarra. Parte hartzaileek “kalitate aldetik” behar ona egin zuten, eta lan horren parekoa izan zen garaileek poltsikoratu zuten dirusaria: 2.000 eurotik gora banatu zuten saritan. Umeen kategorian, lehen hirurek pintura eta maleta bana lortu zituzten; gazteen sailkapeneko lehen hiru sailkatuek, ordea, 120, 80 eta 60 euro. Nagusien kategoriari dagokionez, irabazleak 1.000 euro jaso zituen; bigarrenak, 800 euro; hirugarren sailkatuak, berriz, 500 euro.
Herriko jaien atarian egin dute txapelketaren hirugarren ekitaldia, azken urte bietan legez. Formatu horri eusteko gogotsu agertu dira udal ordezkariak, “herritarrek parte hartzeko egokia” baita data hori. Izan ere, azpimarratu dute “ahalik eta mailarik handieneko lanak sustatzeaz gain, ispastertarren parte hartzea bultzatzea” dela lehiaketaren jomuga nagusia. Helburu horiek aintzat hartuta, hurrengo urtean “errepikatzeko prest” azaldu dira.