“Pozgarria eta errepikatzeko modukoa” izan da San Andreseko auzolana
Martitzenean [uztailak 23] zortzi lagun elkartu ziren auzoan Lagunkoi taldearen deialdiagaz bat eginez.
Lekeitioko Lagunkoi taldeak beste auzolan saioa egin zuen atzo [uztailak 23], kasu honetan, San Andres auzoan. Lagunkoi taldeko kideez gain, auzotarrek, Abaroa, Lekitto Bedarra eta Denbora Bankuko kideek ere parte hartu zuten. Guztira zortzi lagun elkartu ziren.
Helburua San Andres auzoko eremu bat apaintzea izan zen eta horretarako belarrak kendu zituzten, atxurra erabili baita ongarria bota ere. Horrez gain, Abaroa taldeko Iñaki Gezuraga adituak zenbait belarren inguruko azalpenak eman zituen jatorriak edota aplikazio medizinalak azalduz: “Saio oso didaktikoa izan zen”. Zaborrez eta belarrez betetako hamabi poltsa atera zituzten, eta sailkatu ostean konpost gunera eraman zuten.
Auzolanaren ostean merienda jan zuten elkarrekin parte hartzaileek. “Jendea oso pozik geratu zen eta batez ere errepikatzeko prest. Irailean, Lagunkoi taldean erabakiko dugu jarraipena ematen badiogun hasitako lan honeri”.