Artzainak eta txakurrak, prest
Artzain txakurren erakustaldia egingo dute zapatuan [uztailak 27], 18:00retan, Aulestiko Parkean. Sei parte hartzaile ariko dira, eta Eusebio Bengoetxea omenduko dute.
Aulestiko artzain txakurrik puntakoenen habitat bihurtuko da datorren zapatuan [uztailak 27]: artzain txakurren erakustaldia egingo dute, 18:00retatik aurrera, parkean, doan. Sei parte hartzaile ariko dira neurketan, zein baino zein gehiago. Tartean, Lea-Artibai nahiz Mutrikuko ordezkaritza egongo da: batetik, Juan Egurrola etxebarritarra, Baserri bere txakurragaz; bestetik, Igor Elordi markina-xemeindarra eta bere txakur Lagun; eta Javier Zubiaurre mutrikuarra eta Mendi. Horiez gain, ondorengo partaideek lehiatuko dute: Abadiñoko Kepa Ardanzak eta Urbi izeneko txakurrak, eta Gaizka Etxaniz azkoitiarrak eta bere txakur Laster-rek.
Esanguraz eta berezitasunez josiriko erakustaldia izango dela eman dute aditzera antolakuntzatik. Izan ere, Eusebio Bengoetxea aulestiarrari omenaldia egingo diote. Bengoetxea artzain txakur erakustaldietako pertsonarik ezagunenetakoa da; behar handia egin du hamarkadaz hamarkada tokiko txakur arrazen mantenuari eta biziraupenari begira. Hain zuzen ere, Gorbeiakoa eta Iletsua moduko arrazadun txakurrekin lan azpimarragarria eginikoa da Bengoetxea. Egun, txapelketetatik erretiroa hartuta dagoen arren, “norbanako oso inportantea” da alor horretan: “Bai Bizkaiko, bai Euskal Herriko Txapelketetan gailendutakoa da, eta Kataluniar Herrialdeetan edota Ipar Euskal Herrian ere maila handian ibilitakoa”.
Formatu ez puntuagarrian.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Aulestiko hitzordua, hasiera batean, txapelketa legez atondu zuten, “baina azkenean erakutaldia izango da”. Parte hartzaile guztiek egiteko berbera edukiko dutela adierazi dute. Epaileek, beren aldetik, partaide bakoitzaren denborak kronometratuko dituzte, baina dute, ostera, puntuaziorik ezarriko. Erakustaldia herriko ardiekin egingo dute. Proba guztiak amaitu ondoren egngo dute aipatutako omenaldia.