Etxebarritarrak Santixau jai giro betean
Atzo [uztailak 24] hasi zituzten Santixau jaiak etxebarritarrek. Ekintzaz betetako asteburua dute aurretik.
Etxebarriko Santixau jaietako egitaraua joan den zapatuan [uztailak 20] hasi zen arren, atzo [uztailak 24] eman zioten ofizialki hasiera jaiei Uga eta Zixuren jaitsierarekin. Emare taldearen eskutik pregoia bota ondoren, Guraso Elkarteak antolatutako danborradaren hotsek alaitu zuten herria. Afalostean ere, jai giroak lagunduta, Gazte Asanbladak antolatutako Fitoskins eta Mugi Panderoa kontzertuak entzuteko aukera izan zuten herritarrek.
Gaur [uztailak 25] meza nagusiaren ondoren, Herriko dantza taldearen eta Markiña-Xemeingo Zerutxu dantza taldearen emanaldia egon da. Guraso, lagun eta herritarrak etxeko txikienen dantzei adi egon dira lehendabizi eta amaierarako utzi dute nagusienen dantza saioa, Ipar Euskal Herriko dantzak geurera ekarrita. Zesta-punta eta pilota partidak ere ekarriko ditu Santixau Egunak. 17:30etan frontoian eskuz arituko dira Bakaikoa-Elizegi / Zubizarreta III-Morgaetxebarria. Zestaz, bestalde, Erika-Araia / Elaia-Maialen eta Antxon-Lekue / Arbe-Atain. Eta gaua girotzeko mariatxiak El Mariatxi Imperial taldearen eskutik.
Umeen Egunarekin jarraituko dute bihar [uztailak 26] jaiek. Haur-parkea egongo da goiz zein arratsalde Leaktibaien eskutik. 12:00etan Etxebarriko VI.Chef lehiaketa eta arratsalde parkean BITSA futbitoan. Gazte Asanbladak antolatuta herri afaria ere egongo da frontoian, eta gauean Moonshine Wagon eta Raimundo el Canasteroren kontzertuak. Ekintzaz betetako asteburua dute etxebarritarrek aurretik.