Euskararen alde eta erasoen aurka daude
Uztailaren 31tik abuztuaren 4ra ospatuko dituzte Mendexako San Pedro jaiak. Txirrindularitza kronoigoera berreskuratu dute.
Mendexarrak uda sasoi bete-betean murgilduta daude, baina are gehiago egongo dira, San Pedro jaietan. Uztailaren 31tik abuztuaren 4ra ospatuko dituzte. Mendexako Kuku Habixa kultur elkarteak eta udalak elkarlanean antolatu dute egitaraua. Jai euskaldunak eta inolako erasorik gabekoak nahi dituzte.
Zenbait hilabeteko prestaketa lanen ostean, adin guztientzako egitaraua osatu dutela esan dute. Era berean, herritarren laguntza asko eskertu dute, “jaiak antolatzerakoan bakarrik ez”, horiek aurrera eramateko ere bai: “Herritarrek ardurak hartu dituzte, eta lanak banatu ditugu, gainkargarik ez hartzeko. Bilera asko egin ditugu, lana ahalik eta hobekien banatzeko. Daukagun laguntzagaz oso pozik gaude”.
Uztailaren 31 egun handia izaten da Mendexan. Askotariko txapelketak jokatuko dituzte egun osoan zehar: goizean, boleibol txapelketa, Karraspio hondartzan; eguerdian, pilota partidak eta arratsaldean briska, txapel eta irrintzi txapelketak. Karta jokorako hirukote bakoitzak 15 euro jarri beharko ditu. Lehen sailkatuak 150 euro irabaziko ditu; bigarrenak, 100 euro; hirugarrenak, 100 euro; laugarrenak, 50 euro. Uztailaren 31 ere kontzertuen eguna izaten da herrian. Autobus zerbitzua egongo da Lekeitiotik 21:30etik eta 06:00ak bitartean, Etxepe, Itzal erromeria eta DJ Amatakiren musikaz gozatzeko. Abuztuaren 2an ere, Lekeitiotik ez ezik, Gababus zerbitzua egongo da Lea-Artibaiko herrietatik ere.
Abuztuko lehen egunean, berriz, tradizioa nagusitzen da gehiago. Herritarrentzako eguna da. Ohi bezala, Mahaigaineko dantza taldeak emanaldia eskainiko du, tartean taldeari izena ematen dion dantza bereziagaz. Jaietako ikuskizunik “bereziena eta hunkigarriena” da, herritarrek dantzatzeak ematen dion «herritartasun puntuagaz».
Azken urteko hutsunearen ostean, txirrindularitza kronoigoera berreskuratuko dute
Euskara bultzazen. Eguerdian, Mendexako berbak eta esaerak lehiaketan parte hartu dutenen arteko zozketa egingo dute. Aurten euskara taldea sortu dute, eta beraien proiektu nagusietako bat herriko berben bilketa egitea izan da, eta horretarako sortu dute lehiaketa. Tabernetan kaxak jarri dituzte herritarrek haienak sartzeko, eta herriko nagusienak elkarrizketatu dituzte. “Lea-Artibain euskara bultzatzeko kanpaina da, egunerokotasunean bakarrik ez, jaietan ere bai. Horregatik, Mendexan sanpedro euskaldunak nahi ditugula aldarrikatu nahi dugu Mendixan badakigu euskaraz, ekin leloagaz”. Orain arte jende askok parte hartu duela esan dute, eta gehiago izango direlakoan daude. Era berean, beste aldarrikapen nagusi bat egin nahi izan dute: ez dutela inolako erasorik onartuko Mendexako jaietan.
Umeen krosa ere egitarauko izar nagusietako bat izaten da, ume askok parte hartzen dute, eta gero ume zein gurasoek sardina, gazta eta sagardo janean indarrak berreskuratzen dituzte, play-back lehiaketan dena eman aurretik.
Abuztuaren 2an aurtengo berritasun nagusiaren txanda izango da. Azken urteko hutsunearen ostean, txirrindularitza kronoigoera berreskuratuko dute. 2,1 km-ko eta bataz beste %8ko aldapa duen lasterketa da, Isuntzako zubitik hasi, eta Mendexako zelairaino egin beharrekoa. Izen ematea zabalik dago, 10 euroren truke, 94-684 21 06 telefonoan eta webgunean, uztailaren 29ra arte. Egunean bertan, parte hartzaileek 16:45ean jasoko dituzte dortsalak. Bakoitzak Mendexa Abentura Parkerako sarrera bat eskuratuko du. Horrez gain, irabazleek, nesketan zein mutiletan, txapela eta 150 euro eramango dituzte etxera, bigarrenek 75 euro eta hirugarrenak 50 euro. Mendexarrik onenek 60 euro poltsikoratuko dituzte. Ikusleen artean, berriz, abentura parkerako hamar sarrera zozkatuko dituzte.