Saltoki berriak irekitzeko edo eskualdatzeko laguntzen deialdia egin du Aulestiko Udalak
Atzo egindako ohiko bilkuran onartu zen saltoki berriak irekitzeko edo eskualdatzeko laguntza Aulestin, herriaren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko helburuagaz.
Udalerrian merkataritza suspertzea sustatzeko asmoagaz, saltoki berriak martxan jartzeko edo daudenak mantentzeko laguntza ekonomikoak eskaintzeko ordenantza onartu zuen Aulestiko Udalak atzo [uztailak 24] egin zen ohiko bilkuran, “herriaren egoera ikusita, herritarrak animatu nahi ditugu belaunaldiz belaunaldi erreleboa eginez, batez ere titulartasuna eskualdatzen eta merkataritza lokalen alokairuak eragindako gastuak ordaintzen laguntzeko”. Herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea ditu helburu laguntza honek.
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera lokalak alokatzeko dirulaguntzak emango ditu Aulestiko Udalak. Hala ere, 2024ko irailaren 1etik aurrera ireki edo eskualdatutako negozioek jaso ahalko dute laguntza hau. “Ireki edo eskualdatu berri den negozioak laguntza jaso ahal izateko, lokal horrek sarbide zuzena izan beharko du bide publikotik”.
“Pertsona fisikoek, ondasun erkidegoek eta nortasun juridikorik gabeko sozietate zibilak eta legez eratutako pertsona juridikoek jaso ahal izango dute laguntza, betiere, ezarritako baldintzak betetzen baditu”. Baldintzei dagokienez, merkataritzako jarduera ekonomiko berria izan behar du laguntza eskatzen duenak, “herrian lehendik dagoen eta jarduera bera bikoiztea dakarren negozioa ez da ordenantza honetara egokituko”. Horrez gain, herrian beste negozio bat dutenek, jarduera irekia egiten ari diren lokalari eutsi beharko diote, “establezimendu berriaren dirulaguntza jasotzeko epeak irauten duen bitartean”.
Ondorengo baldintzak bete beharko ditu dirulaguntza jaso nahi duen orok, besteak beste, “jarduera ekonomikoa gauzatuko den lokalaren gaineko errentaendu kontratuaren titularra izatea, eta kontratu hori 2024ko irailaren 1etik aurrera sinatu izana, EJZn alta ematea, mikroenpresa izatea, lokalaren jabea ez izatea edo lokala eskatzaileen bazkideen jabetzakoa izatea, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea eta abar”.
Dirulaguntzak merkataritza lokalen alokairu gastuak ordaintzeko izango dira eta ez dira itzuli beharko, “alokairuaren kostuaren %75, ordainduko da lehen 12 hilabeteetan, gehienez ere 300 euro hilean lokal bakoitzeko eta ordainketaren bigarren 12 hilabeteetan %50 ordainduko da, gehienez 200 euro hilean lokal bakoitzeko”.
Interesa duten herritarrek eskaera egin ostean hasiko da prozesua eta oinarrien laburpena Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute. 2025eko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean deialdia eta aurrekontua amaitu arte eskaria egiteko aukera egongo da.