Artzain txakurren erakustaldia Eusebio Bengoetxearen omenez
Artzain txakurren erakustaldia egin zuten zapatuan [uztailak 27] Aulestin. Eguraldiak atseden emanda, parkearen inguru guztia jendez bete zuen ekitaldiak.
Eusebio Bengoetxea Aulestiarra hainbeste urtez Artzain txakurren txapelketetan parte hartu eta herrian horrelako erakustaldirik antolatu ez izanak bultzatuta, lehenengo aldiz egin zuten asteburuan Artzain txakurren erakustaldia.
Euriak momentuko atsedena emanda, zelaiaren inguru guztia jendez beteta egon zen ikuskizun osoan zehar. Bost parte-hartzailek osatutako erakustaldia: Etxebarriko Juan Egurrola “Baserri” txakurrarekin, Kepa Ardanza abadiñotarra“Urbi”rekin, Mutrikuko Javier Zubiaurre “Mendi”rekin, Gaizka Etxaniz azkoitiarra “Laser”ekin eta Markina-Xemeingo Igor Elordi “Lagun” txakurrarekin.
Froga desberdinak egin zituzten erakustaldian zehar. Artzain txakurrek herriko ardiak izan zituzten zapatuko erronka, bakoitzak bi txandatan egin behar izan zuten lana. Behin irabazleei sariak emanda, eguneko protagonista nagusia omentzeko unea heldu zen. Antolatzaileen esanetan “Eusebiok jende asko ezagutzen zuela eta” jende andana hurbildu zen erakustaldi zein omenaldira, eta orokorrean “oso balorazio positiboa” egin dute.
Hurrengo urteei begira, nahiz eta segurtasunez jakin ez, Artzain txakurren erakustaldia antolatzen jarraitzeko “esperantza” erakutsi dute.