Merezitako agurra Buztarriri
41 urte hauetan batutako belaunaldi ezberdinak elkartu ziren zapatuan [uztailak 27] Buztarri tabernari agur esateko antolatutako itxiera jaian.

Zapatuan [uztailak 27] Buztarriri azken agurra emateko itxiera jaia antolatu zuten Markina-Xemeinen. Goizetik poteoarekin hasi, bazkaria, karro poteoa eta Usurbileko Zaparra taldearen kontzertu eta Okerra&Grillo-ren vinilo pintxadarekin borobildu zuten gaua.
Eta horrela, topa artean esan zioten agur Buztarriri. Hainbesterentzako erreferentziazko leku izan denari: elkargune, parranda-zulo, ehundaka pasadizoren testigu, amets-leku, topagune… Milaka elkarrizketa, haserre, adiskidetze, maitemintze, traizioren lekuko. Zenbat sentimendu gorde daitezke 41 urtetan? Horiek eta gehiago izan zituzten pil-pilean modu batez edo bestez Buztarriren parte izan direnek.
“Hauxe da erakutsi doskuna Buztarrik, tabernak ez direla tabernak bakarrik”
“Hauxe da erakutsi doskuna Buztarrik, tabernak ez direla tabernak bakarrik” dio Nerea Ibarzabal eta Josune Aramendik Buztarri agurtzeko prestatutako bertso sortak. Hainbat belaunaldik betetako kale-kantoia hutsik geratuko da aurrerantzean, baina markinarren ahotik segituko da entzuten “Buztarrire lotute libre izen giñen!”.