Goi mailako artistez bete da aurtengo Markina-Xemeingo Jazzaldia
Urtez urte egonkortzen eta sendotzen doa jaialdia. Datorren urtera begira bide berdinean jarraitzea espero dute antolatzaileek.
Markina-Xemeingo Jazzaldiaren XI. edizioa izan da aurtengoa eta urtetik urtera “indartzen eta zabaltzen” doala esan dute antolatzaileek. Taldeen kalitate ona eta jendearen erantzuna azpimarratu dituzte eta aurreko urteetan baino publiko zabalagoa batu duela aurtengo Jazz jaialdiak, nahiz eta eguraldiagatik “larri” xamar ibili.
Barikutik [uztailak 26] zapatura [uztailak 27] hiru taldek parte hartu dute Jazzaldian. Barikuan Elkano Browing Cream taldea izan zen jazz eta blues estiloekin, Afrikako erritmoekin batera, iluntzea girotzearen ardura izan zuena. Zapatuan emakumez osatutako Las Vulcanizadas banda bizkaitarrak hartu zuen lekukoa lehendabizi, eta Joshua Ederman & Xabi Arakamak eman zioten amaiera jaialdiari. Nahiz eta kontzertu amaierarako euria hasi “jendea altxatu ere ez” zela egin nabarmendu dute antolatzaileek.
Teknikarientzako aurtengoa “benetako apustua” izan dela azpimarratu dute, batez ere bigarren eguneko kontzertuetan. Izan ere, instrumentuen artean organo eta isats-piano bana izan dute. Baina horrek urtez-urtez mailaz igotzen doan jaialdia dela besterik ez du adierazten, eta eskualdean egiten den Jazzaldi bakarra izanik antolatzaileek argi dute “mantentzeko, eta ahal den neurrian indartzeko ahalegina” egingo dutela.