Jende andana batu du Peruko Aberri Egunak Ondarroan
Peruko “Aberri eguna” antolatu zuen Tupay elkarteak joan den zapatuan [uztailak 27] Ondarroan. Egun guztiko egitaraua osatuta, Peruko jan-edana eta dantza ikuskizunak egon ziren, besteak beste.
Ondarroako Tupay elkarte kultural perutarrak “Peruko Aberri jaia” ospatzeko egitarau zabala antolatu zuen joan den zapatuan [uztailak 27]. Elkartea “oso eskertuta” agertu da hurbildu zen jende kopuruagatik. Izan ere, Tupay-k urtebeteko ibilbidea besterik ez duen taldea da eta, nahiz eta antolatzaileen esanetan “lan handia” egin duten eguna aurrera ateratzeko, ez zuten espero urrunxeago dagoen Bilbo bezalako hiri eta herrietatik jendea joatea.
Kultura eta gastronomia azokarekin hasi zuten eguna Itsasaurre plazan. Bertan, janari dastaketa, produktu perutarren salmenta eta dantza ikuskizuna izan zituzten. Ekitaldia ere izan zuten goizean, Peruko Bilboko kontsularekin batera. Arratsaldean herriko Gaztetxea izan zuten aterpe, eta bertan Peruko janari salmenta, haurrentzako ikuskizuna eta La Klave orkestraren zuzeneko emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten gerturatu zirenek.
Antolatzaileek adierazi dutenez, Euskal Herrian komunitate perutarra batzen diren “elkarte publiko bakarrenetarikoak” dira, baita beraientzako hain garrantzitsua den uztailaren 27ko Peruko Aberri eguna “modu zabalean” antolatzen dutenak ere. Beraz, hurrengo urteetan ere antolatzen eta egitaraua handitzen jarraitzeko asmo irmoa adierazi dute.