Mobilizatzeko deia egin du SOS Haur eta Emakumeak Lekeitioko talde herritarrak
Abuztuan zehar eguenero egingo dituzte mobilizazioak Lekeitioko plazan 19:30etatik aurrera, “ezinbesteko” osasun zerbitzuak eskatzeko eta Osasun Sailaren “arduragabekeria” salatzeko.
Borroka luzea daramate Lekeitioko eta inguruko herrietako bizilagunek Osakidetzarekin. Hainbat izan dira azken aldian egin dituzten elkarretaratzeak; tartean, joan den apirilean SOS Haurrak eta Emakumeak mugimendu herritarrak martxan jarri zuen sinadura bilketa. Ordutik, 2.337 sinadura eta hamazazpi elkarte nahiz herriko talderen atxikimenduak lortu dituzte, pediatria, ginekologia, obstetrizia eta larrialdi zerbitzuak eskatzeko. Hala, ekainean sinadura guztiak Osasun Sailera bideratu zituzten, baita Osakidetzara eta Barrualde Galdakaoko ESIra ere.
Osasun sailaren erantzuna jaso dute dagoeneko, baina ez da nahi bezalakoa izan. Mugimendu herritarreko kideek erantzunaren “arduragabekeria” salatu dute, ez baitu “irtenbiderik” ematen eta Gobernu zentrala egiten baitu “arazoaren erantzule”.
2024ko martxoan Lekeitioko osasun zentroan pediatriarik ez zegoela salatu zuten, eta ia bost hilabete geroago, “pediatriarik gabe” jarraitzen dutela adierazi dute SOS emakumeak eta haurrak taldeko kideek: “Hiru asteko ordezkapen bat egiten egon da pediatra bat, baina orain berriro geratu gara gutxieneko zerbitzu hori gabe. Horren ostean, inork ez du plaza bete lan baldintzen ondorioz”.
Gainera, espero zen bezala, emaginak erretiroa hartu du eta “ez dutela ordezko inor bidali” eta Etengabeko Arreta Zerbitzuan ere “medikurik gabe” egon izan direla jakinarazi dute. “Uda giro betean gaude eta herria jendez hirukoizten da, baina guk ezinbesteko osasun zerbitzurik gabe jarraitzen dugu”.
Abuztuan zehar ere mobilizatzeko deia egin dute. Eguenero batuko dira herriko plazan, Paskualito aurrean, 19.30etan.