Nerea Ibarzabal egongo da aurten Lekeitioko Euskal Zine Bilerako epaimahaien artean
Euskara eta Zinema batzen dituen Lekeitioko Zine Bilerak bere 47. edizioa ospatuko du aurten. Urriaren 17tik 20ra ospatuko da Ikusgarri zine aretoan eta bertan ikusi ahalko dira Sail Ofizialera heldu diren lan guztiak.
47. edizioa izango da aurtengo Lekeitioko Zine Bilerarena. Euskara hutsez egiten den jaialdirik zaharrena da eta antolatzaileak “oso harro” daude urte hauetan guztietan euskara sustatu eta hedatzeko egindako lanarekin.
“Zine berria egin eta istorio berriak kontatu nahi dizkiguten sortzaileetara heltzea du helburu gure jaialdiak” azpimarratu dute, beraz, beste behin, euskal ikus-entzunezkoen sorrera bultzatzeko lan egingo du Sail Ofizialeko Lehiaketak, hainbat sari ezberdinduz. Aurtengo oinarrien arabera helarazitako lan guztietatik, aurre-aukeraketa bat egingo da eta, horietatik, 20 film laburrek osatuko dute Sail Ofizialeko Lehiaketa.
Zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuazioen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea.
Euskal Zine Bilera urriaren 17tik 20ra ospatuko da Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan eta bertan ikusi ahalko dira Sail Ofizialera heldu diren lan guztiak.
Epaimahaikide berria. Aurten, gainera, Nerea Ibarzabal Markina-Xameindarra izango da lehiaketako epaimahaietako bat. Bertsolaria eta idazlea da bera eta oso gaztetatik egon da sormenari lotuta. Hamaika urterekin hasi zen bertso eskolan, eta gazteentzako txapelketa eta sariketetan ibilbidea egin zuen. Egungo Bizkaiko txapelduna da, eta 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista. Txakur Gorria sormen kolektiboko kide izan da hainbat urtez. 2022an argitaratu zuen Bar Gloria, bere lehenengo eleberria.