Hirugarren urtez, Lekeitioko Arkeologia eguna ospatuko dute abuztuaren 8an
Isuntza/Zubiburuko kobazulora bisita gidatuak, paleolito garaiko pigmentuen tailerra eta bisita birtualak izango dituzte lekeitiarrek eguenean [abuztuak 8] antolatuko den III. Arkeologia egunean.
Herriko kobazuloetan aurkitutako aztarnak aitzaki hartuta, hirugarren urtea da Lekeitioko Udalak, Kantabriako Unibertsitatearekin batera, Arkeologia eguna antolatzen duena. Aurtengoan hiru ekintza antolatu dituzte.
Goizean zehar bisita gidatuak egingo dituzte Isuntza/Zubiburuko kobazulora. 6 laguneko taldeetan, kobazulo eder honen eraketa geologikoez gozatzeaz gain, Paleolito garaiko teknologia ikertzeko sorturiko laborategi esperimentala ikusteko aukera egongo da. Mendiko arropa eta zapata erosoak eramateko gomendioa egin dute antolatzaileek.
10:00etatik 13:00etara bitarte mineralez zein egur ikatzez eginiko pigmentu naturalekin, Paleolito garaiko irudiak egiten ere saiatuko dira “Paleolito garaiko pigmentuak” tailerrean. Etxeko txikienei zuzenduriko plana izango da eta zikintzeko moduko jantziekin joateko gomendatu dute. Izen ematea egunean bertan egingo da, baina txanda aldez aurretik hartzea gomendatu dute.
Azkenik, egun osoan zehar bisita birtualak egingo dira Atxurrako kobazulora Turismo Bulegotik. Bisita birtualak errealitate birtualeko betaurrekoekin egingo dira, eta Madeleine aldiko teknologia simulatuko da.
Isuntza/Zubiburuko eta Atxurrako kobazuloetarako bisitak beteta daude dagoeneko. Hala ere, itxarote zerrenda bat ezarri da, eskaeren ordenaren arabera.