Bixi ekimena heldu da Ondarroara
1314 kilometro egin ostean, atzo [abuztuak 7] heldu zen Ondarroara fibrosi kistikoari ikusgarritasuna ematea helburu izan duen Bixi ekimena.
Uztailaren 26an abiatu zen Bixi ekimena Bruselatik. 13 etapatan, pedalkadaz pedalkada, bizikletan egin dute Belgikatik Euskal Herrirako bidea fibrosi kistikoari ikusgarritasuna eman asmoz. Izan ere, Fibrosi Kistikoak jotako pertsonei eta haien familiei laguntzeko sortutako ekimen solidarioa da Bixi. Eta eskaera “errekonozimendua, administratiboki eta ekonomikoki laguntzak lortzea eta Europak gaixotasun arraro desberdin guztien errealitateek, gaixoengandik haratago, familia eta inguruari ere eragiten dietela” ikustaraztea.

Atzo [abuztuak 7] heldu zen Ondarroara ekimena. Lagun eta senideen babespean egin zituzten azken kilometroak herrira heldu arte. Bihar [abuztuak 9] izango da urtebeteko prozesu luzeari amaiera emateko eguna prestatu duten egun guztiko jaiarekin. Goizeko 11:00etan ekingo diote egunari txupinazoarekin. Ondoren, Graffiti tailerra eta Asisko Urmeneta komikilaria egongo dira Kafeatzean. 13:00etan Garazi Etxaburu Aulestiak emanaldia emango du eta 14:30ean bazkaltzeko tartea hartuko dute hurbildutakoek. Arratsaldean ere ez da zer eginik faltako, 17:00etarako jolasak prestatu dituzte eta 18:00etatik aurrera Eihar, The Riff Truckers eta Dj Elepunto izango dira egun amaiera girotzeaz arduratuko direnak.