Mirari Azkune: "Geuretik da maitasun guztiarekin geuk egindako lana"
2016an atera zuten lehen diskoa Mirari Azkune eta Aintzane AgirrebeƱak: Bidea Hauspotzen. "Bide luze eta gogorraren" ostean argia ikusi berri du Geuretik izeneko bigarrenak.

Orain dela 8 urte atera zenuten lehenengo diskoa. Disko berri honek, aurrekoarekin alderatuz, zein desberdintasun ditu?
Uste dut nagusiagoak garela nabaritzen dela. Estudioko soinu-teknikariak esaten zigun oraingoan nabaritzen zelan beste exijentzia maila batekin joan ginela. Hala ere, ildoa berdina da. Azken finean guk trikitia eta panderoa jotzen dugu eta, nahiz eta batzuetan beste instrumentu batzuk sartzen ditugun, gure oinarria triki tradizionala da.
Gaur egun ez omen da, lehengo garaiekin alderatuta, diskorik saltzen ezta ekoizten ere. Nolatan animatu zarete 2024. urtean disko bat ateratzen?
Izatez 2019an hasi ginen diskoa grabatzen. Markinako trikitixa txapelketan parte hartu genuen eta, bertan parte hartzeagatik, jotako piezak grabatzen dituzte. Ba arazoren bat egon zen, txarto atera ziren diskoak eta pena handiarekin geratu ginen. Beraz, MarkiƱan jotako piezak grabatzea pentsatu genuen, guretzako kopia bat izateko. Estudiora joan eta, pare bat pieza beharrean, gehiago grabatu genituen. Orduan heldu zen pandemia, geldirik egon behar. Ondoren teknikariak estudioa itxita eduki behar izan zuen denbora batez. Hurrengo urteetan jaialdi pila batera joan ginen eta horrelakoetan pieza bereziak prestatzen dituzu, gero kalidade onean grabatuta geratzen ez direnak. Horrela, pieza horrek biltzeko asmoarekin berriro estudioan sartzekoak ginela, 2022ko udan eskua apurtu nuen eta ezin trikitixa jo. 2019an hasi ginen diskoaren grabaketarekin eta begira noiz bukatu dugun…
Bide luzea izan da beraz…
Luzea eta gogorra. 2023ko martxoan diskoa bukatzeko astebeteren faltan, dena amaituta eta zuzenduta geneukanean, soinu-teknikaria hil egin zen egun batetik bestera. Walter Tuzzeo zuen izena. Teknikaria izateaz gain laguna ere bihurtu zen azkenean, gure ibilbidean asko lagundu izan digun pertsona. Bere lanak, bai aholkulari gisa eta bai partaide gisa ere, pisu handia izan du kaleratu berri den disko honetan. Hortaz. Diskoa Walterri nahi diogu eskaini, dagoen lekuan dagoela, berarentzat!
Eta azkenean? Nolakoa izan da diskoa kaleratu arteko ibilbidearen amaiera?
Asier Gozategirekin daukagun tratuaren bitartez Balea estudioarekin jarri ginen kontaktuan eta beraiekin amaitu dugu diskoa. Diseinua Aintzaneren ahizpa Mireiak egin zigun eta horrela diskoak argia ikusi duenera arte.
Geuretik du izena diskoak. Zer esan nahi izan duzue horrekin?
Geure estiloa, geure musika, geure eskuetatik, maitasun guztiarekin geuk egindako lan bat delako.
Non lortu daiteke diskoa?
Hemen eskualdean Etxebarriko Olaia tabernan, Markina-Xemeingo Opelan eta Ixaie dendan eta Ispasterko Areitz frontoiko tabernan. Bestalde, Durangoko Mesoi Berria tabernan, Eibarko Arrate irratian, Azkoitiko Isidro erretegian eta Lasarte-Oriako Tirikitrauki dendan ere eros daiteke.
Online plataformetara igotzeko asmorik?
Pentsatu dugu eta jende askok galdetu digu horregatik. Ez dugu deskartatzen, agian Irail bueltan jarriko gara horretan. Dena dela, kotxean diskoak sartzeko gailurik ez duenarentzat adibidez, disko formatu bi atera ditugu: betiko disko fisikoa eta pendrivea.
Aurrerantzean plazarik plaza ikusi ahal izango zaituztegu?
Uda lasaia izango da aurtengoa. Baditugu plaza batzuk, baina diskoa ateratzea izan den prozesu luzearekin atsedena ere behar dugula nabaritzen dugu. Baina hor ibiliko gara seguru.
Nola konbentzituko zenuke jendea diskoa entzuteko?
Egia da guk nahiko tradizional jotzen dugula, baina uste dut gure diskoa abestiengatik nabarmentzen dela. Guk biok abesten dugu, kolaborazio pila bat izan ditugu eta lagun talde batek egindako lan bat dela ikusten da. Kantua gustatzen zaionari diskoa gustatuko zaiola uste dut. Bide batez, eskerrak nahi nituzke eman disko honetan kolaboratu duten guztiei, Asier Gozategiri eta Baleako Aitor eta Asierri eta, era batera zein bestera, diskoak argia ikusteko laguntza eman dizkiguten denei.