Goi goitik ospatu zituzten asteburuan San Lorentzo jaiak Zubero eta Asterrika auzoetan
San Loretzo jaiak ospatu zituzten zapatuan [abuztuak 10] Aulestiko Zubero eta Berriatuko Asterrika auzoetan. Antolatzaileek balorazio "positiboa" egin dute.
Bereziak dira herri zein auzoetako jaiak eta oraingoan ere, bereziak izan dira Berriatuko Asterrika eta Aulestiko Zubero auzoetako San Lorentzo jaiak. Auzokideek egun guztiko egitarau biribilaz gozatzeko aukera izan zuten zapatuan [abuztuak 10], goizetik hasi eta gauera arte.
Berriatuko Asterrika auzoan txistulariekin eman zioten hasiera egunari eta 12:00etako mezaren ondoren, Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeak hartu zuen plaza, “dantzariek eskaini ziguten saioa oso polita izan zen”, nabarmendu dute auzokideek. Ondoren, herri kirolen txanda izan zen eta lasto-fardoa altxatzeko aukera izan zuten ume zein nagusiek. Karmele Gisasola Zelai III.na, Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Haritz Aranguren eta Mikel Agirre izan ziren protagonistak eta Patxi Ituarte ibili zen esatari lanetan. Bazkaltzeko orduan, plazan batu ziren auzokide batzuk: “kuadrilla polita batu ginen bertan eta arratsaldean umeen herri kirolak egon ziren, txokolatada eta guzti”.
Urtero bezala, oraingoan ere bertso saio “ederra” eskaini zuten bertsolariek, ikusleek plaza txaloz bete zuten bitartean eta egunari amaiera emateko, ELEPUNTO DJa izan zen auzoa musikaz betetzeaz arduratu zena. Antolatzaileek egunaren balorazio “oso positiboa” egin dute: “Giro paregabea egon zen eta ekintza guztiak ondo atera ziren”.
Aulestiko Zubero auzoan ere festa giroan ospatu zituzten San Lorentzo jaiak. Goizean goizetik mezarekin eman zioten hasiera egunari eta ondoren, txapel jaurtiketa izan zuten. Arratsaldean, mus eta briska txapelketa lehiatu eta gero, umeentzako jolasak egon ziren. Gauean erromeriak hartu zuen protagonismoa, Izarra eta Mirariren eskutik.