Ondarroako Andra Mari jaietan ez da tiobiborik egongo, hauen arduradunek akordio hautsi dutelako
Nahiz eta Andra Mari jaietan tiobiborik egongo ez den, azken orduko alternatiba desberdinak aurkitu ditu Ondarroako Udalak.
Azken egunetan pil-pilean egon den gaia izan da Ondarroako Andra Mari jaietako tiobiboena, eta hauen arduradunek hartutako erabakiaren ondorioz, tiobiborik ez dela egongo adierazi zuen atzo Urtza Alkorta Arrizabalaga udalerriko alkateak: “Oso desatsegina da berri hau ematea baina tiobioetako arduranek Ondarroako Andra Mari jaietara ez direla etorriko adierazi dute. Ahal dugun guztia egin dugu eta hasiera batean baiezkoa eman bazuten ere, ezezkoa eman digute orain”.
Desadostasunak egon ondoren, aurreko barikuan [abuztuak 9] eman zuten arduradunek baiezkoa: “Arazo batzuk izan genituen hasieran, Ondarroako portuan ez dira sartzen etorri nahi duten tiobibo guztiak, bete behar duten segurtasun neurriak direla eta, batetik bestera distantzia zehatz bat egon behar baita, erabiltzaileen eta bertan dabiltzan herritarren segurtasuna bermatzeko”. Honen aurrean, “denok edo inor ez” izan zen tiobiboetako arduradunen erantzuna baina udaletik argi zeukaten erabiltzaileen segurtasuna zela erdigunean jarriko zutena. Horrez gain, itsasaurreko aparkalekuko puzgarriak beharrezkoak direla ere azpimarratu Ondarroako Udalak , doakoak baitira, eta ordaindu ezin dutenek ere jolasteko aukera baitute. Beraz, adierazi dute, tiobiboak aparkalekura lekualdatzea ez zela aukera bat.
Tira-bira batzuen ostean lortu zuten akordio batera heltzea, beraien artean zozketa egin eta urtero aldatzen joango zirela adostu zuten, denek aukera izateko. Baina udalak dioenez, azken momentuan ezezkoa eman dute. “Ezezkoa eman ostean ere saiatu gara akordio batera heltzen, asteburuan herriko umeei ere esan nien tiobiboak etorriko zirela, eta beraien poz aurpegia daukat oraindik buruan. Horregatik kostatzen zait gehiago albiste honen berri ematea. Aurrekoan poztasun guztiarekin baiezkoa eman nuen bezala, oraingoan, tristuraz beteta ezeztatu egin behar dut”.
Alternatibak aurkituz. Nahiz eta tibobiborik egongo ez den alternatiba desberdinak aurkitu ditu Ondarroako Udalak: “Ahal dugun guztia egin dugu zerbait aurkitzeko eta lotu ditugu hainbat jarduera”. Ume eta nerabeentzako zenbait jarduera desberdin egongo dira Andra Mari jaietan. Abuztuaren 14an [eguaztena] simulagailuak egongo dira itsasaurren, 16:30etatik 20:300etara eta F1, Moto GP, Motocross, uretako motorrak eta bizikletaz gozatzeko aukera izango dute herriko gaztetxoenek. Abuztuaren 15 eta 16an [eguena eta barikua] gaztelu puzgarriak eta bits jaia egongo da itsasaurren. Abuztuaren 17an [zapatua] Extreme jump puzgarria egongo da eta horrez gain, uretako jardueretan ibiltzeko aukera izango dute ume eta nerabeek.