Kolore urdinez bete ditu kaleak Ondarroako Gazte Egunak
Gazte Eguna ospatu dute gaurkoan [abuztuak 13] ondarrutarrek eta Turubiren jaitsierarekin eman diote hasiera egunari.
Nahiz eta Ondarroako Andra Mari jaiak ofizialki bihar [abuztuak 14] hasi, gaur eman diote hasiera jaiei herriko gazteek Gazte Egunarekin. Turubiren jaitsieragaz batera hasi da jai giroa eta bozgorailua martxan jarri bezain laister musikaz girotu dituzte herriko kaleak Ondarroako gazteek. Kamiseta urdina soinean jantzi eta “Gaxoik da mundu, gazte antolatu!” lemapean gaztetxetik Plaza Gain jantokira arteko kalejiran batu da gazteria. Ondoren, bertan egin dute Gazte Eguneko bazkaria, urtero legez.Â
Gaurkoan, egitarau biribila dute eta bazkalostean jolasak egingo dituzte, Plaza Gainetik txosnagunera arte. 19:00etan irekiko ditu Musika Plazako txosnak Onoren txosna batzordeak eta jarraian Atrikipunk musika taldeak hartuko du plazako oholtza. Ordu berean zabalduko dira Kafeatzeko txosnak, Danak Etxea! eragilearen eskutik.Â
22:00etan, Kresala Kultur Elkarteak antolatuta, herritarrentzat hain berezia den danborrada egongo da, Ibaiondotik hasi eta kalerik kale, Alamedara arte. Honen ostean hasiko dira Musika Plazako kontzertuak. Shibari Talde ondarrutarra izango da lehenengoa, 00:00etan eta Ballon Frame bigarrena. Amaitzeko, Satelite bat DJak hartuko du oholtza.Â
Aurreko egunak. Domekan [abuztuak 11] Santa Klara Eguna izan zuten ondarrutarrek eta gauean kontzertuak egon ziren bertan. Atzo [abuztuak 12], Txintxirrika Eguna izan zen eta umeak izan ziren protagonistak. Arratsaldean haur ikuskizunaz gain, buruhandien eta erraldoien txanda izan zen, eta ondoren, txokolatadan batu ziren herriko haurrak. 19:30ean, ohikoa den bezala, umeentzako kukaña txapelketa egon zen eta Garazi Agirre Lersundik lortu zuen ikurrina.Â
Â
[ARGAZKI GALERIA]