'Osakidetzan murrizketarik ez' elkarretaratze zaratatsua deitu dute gaur
Gaur izango da Osakidetzaren egoera salatzeko elkarretaratzea, Lekeition. Herri txikiak martxan dinamikak bat egin du 'Haur eta emakumeak SOS Lekitto' plataformarekin.
Lea-Artibaiko eta batez ere, eskualdeko herri txikietako Osasun Zerbitzuen egoera mahaigaineratu eta Osakidetzaren murrizketak salatzeko elkarretaratzea deitu dute herri txikietako zein Lekeitioko bizilagunek gaur [abuztuak 15], Lekeitioko plazan 19:30ean. Haur eta emakumeak SOS Lekitto plataformarekin bat egin dute herri txikiek. EA, Ispaster, Mendexa, Amoroto, Gizaburuaga eta Aulesti dira herrian Osasun Zerbitzu duina izateko borrokan dabiltzanak.
Aulestin iaz hasi ziren Osakidetzaren murrizketen kontrako dinamikarekin eta aurten ere, beharrak hala eskatuta, berriz heldu behar izan diote. “Uztailaren 15etik 30era bitartean mediku zerbitzu gabe egon ginen gure familia medikuak oporrak hartu zituelako. Ondorioz, Aulestiko eta Gizaburuagako herritarrok Lekeitioko Osasun zentrora joan behar izan gara artatuak izateko”. Beraz, oraingoan bi aldarrikapenekin datoz herri txikiak; alde batetik, herrian bertan artatuak izateko eskubidea azpimarratzen dute, mediku eta erizain baten beharra, hain zuzen. Bestetik, Lekeitioko Haur eta emakumeak SOS Lekitto plataformako aldarrikapenekin bat egin dute, Lekeitioko anbulatorioan ere geroz eta zerbitzu gutxiago daudelako. Guzti honekin Osakidetzan murrizketarik egin ez dezaten eskatu nahi diote Osasun Sailari.