Leokadiren igoerarekin batera amaitu dira Ondarroako Andra Mari jaiak
Festa giroa nagusi izan da Ondarroako Andra Mari jaietan eta antolatzaileek balorazio "positiboa" egin dute.
Zapatuan [abuztuak 17] amaitu ziren Ondarroako Andra Mari jaiak, Arrantzale Egunarekin batera. gaueko 12:00etan “ez dut nahi joan” oihukatuz igo zen Leokadi berriro ere kortxelera, datorren urteko Andra Mari jaiak arte. Lehenengo bi egunetan eguraldia lagun ez izan arren, ez zen oztopoa izan ondarrutarrentzat, jai giroa nagusi izan baitzen egun guztietan.
Ondarroako Udaletik lehen balorazio motza egin ostean, aspaldiko jende gehien ibili dela azpimarratu dute: “Jende asko ibili da jaietan, aspaldiko gehien, batez ere 17an, baina baita beste egunetan ere. Lehenengo egunetan, euria zela eta, ekintza batzuk bertan behera gelditu ziren, danborrada tarteko. Baina bestela, oso ondo joan da dena”. Horrez gain Musika Plazako Gazte Eguneko [abuztuak 13] Ballom Frame kontzertua txosna barrutik jo behar izan zuten, musika teknikariek hala eskatuta.
Udalaren arabera ume eta nerabeei zuzendutako ekintza osagarrietan ere jende askok parte hartu du. “Haurren eta nagusien kukañan inoizko parte hartzaile gehien ibili da. Nagusietan 30 lagunek hartu dute parte eta Torreviejako Valentin Marinak irabazi zuen Arrantzale Eguneko nagusien Kukaña Txapelketa”.
Txosna guneetan ere giro “paregabea” egon da bost egunetan eta antolatzaileak pozik daude egindako lanarekin. Horrez gain, aldarrikapenerako momentuak ere egon dira jaietan eta Leokadik jakin ditu hauek aprobetxatzen: “Ondarroatik mundura, piztu telefonoetako argiak eta erakutsi. Ondarroatik elkartasun osoa Palestinako eta Saharako herri zapalduei”.
[ARGAZKI GALERIA]
Argazkiak: Ondarroako Udala.