Mantzisidorrek eta Erkiagak irabazi dute Gernika Grand Slama
Finaleko helburuak beteta, Lekeitioko Grand Slamean daukate begirada Aritz Erkiaga eta Mikel Mantzisidorrek.

Zapatuan [abuztuak 17] jokatu zen Gernika Grand Slam finala Jai Alai Pilotalekuan eta Mikel Mantzisidor eta Aritz Erkiaga izan ziren irabazleak, Johan eta Lopezen aurka. “Oso pozik gaude finala irabazita. Nahiz eta partida ez genuen nahi bezala hasi, buelta ematea lortu genion”, aipatu du Mikel Mantzisidorrek.
Galtzen hasi zuten lehenengo seta, 8-15. Hasieran taktika batekin hasi ziren, baina ez zuten lortu lehen seta irabaztea. Beraz, bigarren setera konfiantza gehiagorekin atera ziren eta hasierako taktikatik urrundu eta beste bat probatu zuten: “Lehenengo setean akats asko egin genituen, gu ez geunden gustura eta beraiek ez zeuden deseroso. Pilota biziarekin hasi ginen, Lopez ez heltzeko baina ez zen horrela izan. Beraz, bigarren setean pilota berria hartu genuen, motelagoa, honek konfiantza eman zigun eta gustura sentitu ginen”. Bigarren seta 15-9 irabazi ostean, hirugarrenean lortu zuten garaipena, 5-3ko markagailuarekin. Egindako lanarengatik pozik daudela nabarmendu du Mantzisidorrek.
Gozatzeko eta irabazteko helburua zeukan mutrikuarrak eta biak bete ditu: “Bi helburu neuzkan, eta biak bete ditut. Gustura sentitu nintzen kantxan, eta uste dut, partida ona bota nuela”.
Orain, hurrengo txapelketan daukate begirada, Lekeitioko Grand Slamean hain zuzen. “Zapatuan hasiko da Lekeitioko Grand Slama eta orain hori daukagu buruan, finalaurreko da eta hemen ere bikote izango gara Erkiaga eta biok.