Gizon bat atxilotu zuen atzo [abuztuak 18] ertzaintzak Ondarroan, sexu erasoa egitea leporatuta. Ondarroako Udalak zurrumurrurik ez zabaltzeko eskatu du, erasoa jaso duena babesteko helburuagaz.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen atzo goizean [abuztuak 18] Ondarroan, sexu erasoa egitea egotzita, herriko osasun zentro batean lankide bati ukituak egiteagatik. Atzo 10:30ean gertatu zen erasoa eta erasoa jasan zuen emakumea Ondarroako polizia etxera joan zen salaketa jartzera. Honen berri izan zutenean ertzaintza osasun zentrora hurbildu zen eta bertan atxilotu zuten gizona, polizia etxera eramanez.
Egoera honen aurrean Ondarroako Udalak erasoa jaso duenarekiko errespetua eta zurrumurrurik ez zabaltzea eskatu du: “Erasoa jasan duen emakumea babestea eta laguntzea lehentasuna da, bere egoera eta beharrak kontuan hartzea. Beraz, oso garrantzitsua da inplikatutako pertsonen konfidentzialtasuna gordetzea eta zurrumurruak ekiditea, arriskutsuak baitira eta ez baitute prozesuan laguntzen”. Horrez gain, erasotua izan den emakumearen erabakiak eta denborak errespetatzea eta honen berbiktimizazioa ekiditea da udalaren helburua.