Lekeitioko Hego Haize Bela Elkarteak irailaren 21ean egingo du hurrengo bela estropada
Zapatuan [abuztuak 17] antolatu zuen Lekeitioko Hego Haize Bela Elkarteak estropada soziala, bertoko eta inguruko belaontziei nabigatzeko aukera emateko. Hurrengoa, irailaren 21ean [zapatua] izango da.
Urte batzuk daramatza Lekeitioko Hego Haize Bela Elkarteak bela estropadak antolatzen, Lekeitioko Udalarekin elkarlanean eta pasa den zapatuan [abuztuak 17] antolatu zuen aurtengoa. Aure Medina Amorrotu izan da antolatzaileetako bat eta egunari dagokionez balorazio “oso positiboa” egin du. Hurrengoa irailaren 21ean [zapatua] egingo dute.
Elkartearen helburua estropada hauek urtero bi aldiz antolatzea da, geroz eta oihartzun handiagoa izateko: “Hasieran lagunarteko zerbait izan zen baina denborarekin beste forma bat eman diogu eta helburua elkar ezagutu eta estropada herrikoi bat egitea da”. Medinak ondo ezagutzen du Lekeitioko portua, baita bertako ontziak ere, eta honen garrantzia azpimarratu du: “Bakoitzak bere ontzia dauka portuan baina askotan ez dugu aldamenekoa ezagutzen, formatu honekin gure artean ezagutu eta gustuko dugunaz gozatzeko aukera izan dugu”.
Aurreko urtean baino ontzi gehiago batu ziren oraingoan, 14 belaontzi eta 6 Euskal batelari guztira: “Euskal batelariak ere etorri dira, baleak harrapatzeko erabiltzen ziren egurrezko ontziekin. Datorren urtera begira gure helburua jende gehiago batzea da”.
Ibilbideari dagokionez, bi buia jarri zituzten zapatuan, bat Santa Katalina faroaren inguruan, eta bestea, Endai kanpinaren bueltan: “Bi buelta eman genituen, guztira zazpi edo zortzi milia inguru. Ondoren, portuan batu ginen”. Nahiz eta irabazteak garrantzi “gutxi” izan Tico ontzia izan zen azkarrena, Freebotter bigarrena eta Amandarri-CPAL hirugarrena: “Gure asmoa ez da estropada lehiakor bat sustatzea, estropada hauetan irabaztea gutxienekoa baita”.
Ikastaroak. Nabigazio lizentzia lortzeko ikastaroa antolatu du Hego Haize Bela Elkarteak, Lekeitioko Udalarekin batera. Ikastaroa abuztuaren 23an [barikua] izango da eta titulu ofiziala lortzeko balioko du. Sei ordu iraungo ditu, bi ordu teorikoak izango dira eta beste lau praktikoak. 150 euro ordaindu beharko dute parte hartzaileek.