Irailaren 8ko manifestaziorako deia egin du Lea-Artibaiko Ernaik
Autobusa egongo da Lea-Artibai eskualdetik Ernai gazte antolakuandeak irailaren 8an Donostian antolatu duen manifestaziora joateko.
2023ko irailaren 22an Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratzeak salatzeko asmoagaz, bi ekimen burutu zituen Ernai Gazte Antolakundeak, bat Bilbon, bestea, Gasteizen. Ekimen horietan 133 kide identifikatu zituzten eta zortzi hilabete beranduago isunak jarri zizkieten identifikatutako guztiei, mozal legea aplikatuta. Ondorioz, antolakundeak 300.000 euroko isunari egin behar dio aurre.
Lea-Artibai eskualdeari dagokionez, zazpi kidek jaso dute isuna eta Lea-Artibaiko Ernaiko kideek mobilizaziorako deia egin dute: “Ernai Gazte Antolakundearen kontrako operazio judiziala izan da. Honi aurre egiteko aurrera urratsak eman behar ditugu eta kaleetan erantzuna ematea ezinbestekoa da. Beraz, irailaren 8an mobilizazio nazionala izango dugu Donostian. Eskualdeari bertara joateko deia egiten diogu”. Bat eginez independentziara lemapean egingo dute manifestazioa, kaleak hartu eta gazte borroka “geldiezina” dela erakusteko. Horrez gain, mobilizazioaren ostean egun guztiko egitaraua egongo da bertan.
Mobilizaziora joateko Lea-Artibaitik autobusa atera dute, “Lekeitiotik aterako da autobusa 10:30ean, Markina-Xemeindik 10:55ean igaroko da eta Ondarroatik 11:20an. 21:00etan bueltatuko gara Donostiatik”. Autobusean izena emateko zerrendak jarri dituzte hiru herrietako tabernetan: “Ondarroan Alai Tabernan egongo da zerrenda, Lekeition Galarrenan eta Markina-Xemeinen Opelan”.