Ondarroako Musika Plaza izango da Dantz Point ekimenaren oholtza
Barikuan [abuztuak 23] Celeraka, Koldo Loira eta Garai artistak egongo dira Ondarroako Musika Plazan Dantz Point ekimenaren baitan, 17:00etatik 22:00etara.
Bizkaian egingo den lehen Dantz Point bt BBK ekimena izango da barikuan [abuztuak 24] Ondarroako Musika Plazan burutuko dena. 2019an jaio zen proiektuak “musika elektroniko eta garaikideko performance artistiko eta sortzaileen bidez ondareari balioa ematea” du helburutzat. 17:00etan hasiko da jai giroa eta 22:00etan bukatuko da.
Hiru saioz osatuta egongo da egitasmoa eta Celeraka, Ireide Basaras, izango da oholtzara igoko den lehena. Bilbon bizi den Ondarroakoa DJa da Celeraka, “rave” giroan ezaguna egin bazen ere erreferentziazko klub desberdinetan jo izan du eta areto “esanguratsuenetan” ibili da. Horrez gain, BIME Live jaialdian ere hartu du parte. Bere nahasketa “ausartek” eta lantzen dituen genero desberdinek girotuko dute Musika Plaza barikuan, hala nola, hip-hopa, elektronika eta erritmo latinoak.
Koldo Loira ondarrutarra izango da bigarren saioa eskainiko duen artista. DJ gisa hasi zuen musika ibilbidea Loirak eta hainbat lehiaketa desberdinetako sariak eskuratu izan ditu. Gaur egun, Deep House, Melodic House eta Funky House bezalako estiloak ditu gustuko.
Garai artistarekin emango diote amaiera Dantz Point egitasmoari. Bilbon jaioa baina Lekeition bizi den DJa da Garai eta Euskal Herriko areto “nagusienetan” ibili da. Techno, Acid House, Breaks eta Electro bezalako estiloekin jarriko du plaza dantzan.