Badator Mendexako Azoka Eguna
10:30etik 14:30era bitartean egongo da azoka. Horrez gain, umeentzako gunea jarriko dute aurten eta iaz bezala, trikitilariek girotuko dute goiza.
Azoka Eguna ospatuko dute domekan [abuztuak 25] Mendexan, 10:30etik 14:30era. Urteroko hitzordu bilakatzea da Mendexako Udalaren helburua: “Iaz hasi ginen azoka antolatzen eta urtero egitea da gure asmoa, sistematizatzea, nolabait. Gure herriko programazioan leku bat izango du azokak abuztuko azkenengo igandean”. Horrez gain, “bertan bertakoa” lematzat hartuz, bertoko produktuei lekua eman eta hauen kontsumoa sustatzea da azokaren muina: “Bertoko ekoizleei babesa adierazteaz gain, herritarrak hemengo produktuak kontsumitzeko bultzada ematea da helburua, eta honi guztiari lehentasuna ematea”.
Elikagaien 12 postu egongo dira aurten: “Denetarik egongo da. Eskualdeko gaztagileak, okela saltzen duen beste posturen bat, fruta gratinatua eskaintzen duen beste bat, kontserbak, Mendexako txakolina…”. Elikagaiez gain, artisauen beste 14 postu ere egongo dira, besteak beste, arte lanak, bitxiak, motxilak edo baita buruhandiak egiten dituen beste postu bat ere. Iazko formatua mantenduz, aurten ere Lekeitioko Artzabal Eskuabilen elkartea gonbidatu dute, eskualdeko artisau zein ekoizleei lehentasuna emanez: “%90a Lea-Artibai eskualdekoa edo inguruetakoa da, lehentasuna eman nahi izan diegu eskualdeko artisau zein ekoizleei”.
Trikitilariek izango dute azoka girotzeko ardura eta umeentzako gunea ere egongo da. “Pasa den urtean pilota partidak izan genituen baina aurten jaietan izan dugu txapelketa, beraz, umeentzako txoko bat sortu dugu puzgarriekin eta ekintza desberdinekin. Horrela, gurasoak erosketak egiten dauden bitartean haurrek jolasteko espazio polita izango dute”.
Eguraldia lagun izatea espero dute antolatzaileek, “aurreko urtean eguraldi oso txarra egin zuen baina aurten ez dute horrelakorik iragarri. Iragarritakoaren arabera ez du euririk egingo, ezta eguzkirik ere. Hau da, hondartzara joateko eguraldirik ez da egongo baina etxean gelditzekorik ere ez. Beraz, aukera bakarra dago: denok Mendexako Azokara!”.