Emakume gazte baten gorpuzkiak aurkitu dituzte Garraitz irlako Indusketa Arkeologikoetan
Iazko indusketa lanetan lau gorpuzki aurkitu zituzten eta aurten, beste bat. Atabaka Kultur Elkarteak adierazi duenez azkenak izan dira aurtengo indusketa lanak.
Hamargarrena eta azkena izan da aurtengoa. Abuztuaren 19an [astelehena] hasi zituzten Garraitzeko Indusketa lanak Atabaka Kultur Elkartekoek, Aranzadi Zientzia Elkartearen zuzendaritzapean eta atzo [abuztuak 22] eman zioten amaiera lau eguneko jardunaldiari. Iazko indusketa lanetan lau gorpuzki aurkitu zituzten eta aurten, beste bat aurkitu dute, pasa den urtekoak ateratzen zenbiltzan bitartean. Horrez gain, gorpuzkien inguruan txanponak ere aurkitu dituzte. “Momentuz ez daukagu informazio askorik aurkitu diren gorpuzki berrien inguruan. Horretarako karbono 14aren teknika aplikatu behar zaie eta Aranzadi Elkartearen bidez Suediara bidali ditugu, teknika horiek aplikatu eta hezurrei buruz informazio gehiago izan dezagun. Emakume gazte baten gorpuzkia dela dakigu soilik, 20-25 urte bitartekoa. Horrez gain, hezurren inguruan txanpon batzuk aurkitu ditugu, orain artekoak testuingurutik kanpo zeuden baina hauek informazio osagarri gehiago emango digute, gorpuzkien alboan zeudelako”, adierazi dute Atabaka Elkarteko kideek.Â
Leire Aranak zuzendu ditu aurten indusketak eta gutxi gorabehera eguneko 55 boluntario inguru hurbildu dira Garraitz irlara, auzolana oinarri izanik indusketa lanetan parte hartzera. 2015. urtean hasi ziren Garraitzeko Indusketa Arkeologikoak eta aurten eman diote amaiera Garraitz 25 proiektuko lan hauei: “Alde batetik oso pozik gaude indusketa lanekin, 10 urtean zehar oso arrakastatsuak izan baitira. Baina beste aldetik, tristura apur bat ere ematen digu, 10 urtean burututako lanak ez duelako jarraipenik izango. Amaitu dira indusketak eta honekin batera auzolana ere amaitu da. Egonkortzeko lanak egingo dituzte hemendik aurrera baina irla hor geratzen da. Polita izan da herriko jendea lanean ikustea, gure ondarea zaindu eta babesteko helburuagaz”.Â
Indusketa lanetan aurkitu diren aztarnak Lekeition bertan gelditzea izango litzateke Atabaka Kultur Elkartekoen nahia baina horretarako baliabideak behar direla adierazi dute: “Garraitz irla parke arkeologikoa da ofizialki, eta hori horrela izanda, legez, indusketetan aurkitutakoa herriak gelditzea izango litzateke aproposena. Baina horretarako baliabideak behar dira eta inbertsio handi bat, gaur egun ez dagoena. Horrez gain, kontzientzia ere behar da eta argi dago ez daukagula. Ez dugu sinesten gure ondarearekin, gure hizkuntzatik hasi eta horrelako ondareekin osatzen dugu gure herria. Beharrezko elementu hauek ematen die berezitasuna eta osotasuna Euskal Herriari“. Â
Atabaka Elkartea. 2011ko ekainaren 27an sortu zen Atabaka Kultur Elkartea, “Lekeitioko eta Bizkaiko ondare historikoa zabaldu eta haren alde lan egiteko” helburuagaz. Ondare historikoa zaintzeko hainbat proiektu aurrera eraman ondoren, Garraitz 25 proiektua jarri zuten martxan 2015. urtean. “Lekeitioko herriarentzako lerro estrategikoetako bat da. 25 hori 2025 urtearekin lotuta dago: urte horretan 700 urte beteko ditu Garraitz irlak, eta ordurako irla bere onera ekarrita eta aztarna arkeologikoak sendotuta egotea nahi dugu, baita inguru natural eta kultural paregabea izatea”. Hortik sortu zen proiektua eta aurtengo hamargarren indusketa hauekin eman diote amaiera urterokoei, azkenak izan baitira. Datorren urtean, urte hauetan guztietan aurkitutako aztarnak plazaratu nahi dituzte.Â
Irla. Lekeitioko badiaren erdigunean kokatuta dago Garraitz edo San Nikolas irla eta “euskal kostaldeko gune esanguratsua” dela diote herritarrek. Eusko Jaurlaritzak Parke Arkeologiko izendatu zuen 2019an, Lekeitioko Udalak, Atabaka Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak eskatuta, “uhartearen balioa berreskuratu, babestu eta balioan jartzeko”. Bertan, aztarna arkeologiko desberdinak aurkitu dituzte, zibilak, erlijiosoak eta baita militarrak, erabilera askoko irla izan baita historian zehar. “Garraitz uhartean aurkitzen diren aztarnen multzoak bi eremutan banatzen dira: erlijiosoa eta militarra. Erabilera zibilari dagokionez, ospitale eta lazareto gisa erabili zen, izurriteak pairatzen zituzten herritarrak isolatzeko”.Â
Bisita gidatuak. Atabaka Elkartekoek doako bisita gidatuak eskaintzen dabiltza udan zehar, uztailetik hasi eta irailera bitartean. Bisita hauek marea behean dagoen bitartean egingo dira.Â
[ARGAZKI GALERIA]