Lekeitiko kaleak magiaz betetzera dator XVI. Gau Magikoa
22:00etan hasiko da XVI. Gau Magikoa, Lekitto Musika Bandaren eskutik. Abesti ezagunak joko dituzte kontzertuan zehar eta euskal musikarekin amaituko dute gaua.
Berezia izaten da gaurko gaua Lekitto Musika Bandarentzat, berezia bezain garrantzitsua. Gaurkoan XVI. Gau Magikoa ospatuko dute lekeitiarrek, Nautika aurrean, 22:00etan. Aurten formatu desberdinarekin dator, izan ere, 2006. urtetik egiten den magiaz beteriko gau honetan bi zatitan banatu izan dute kontzertua: lehenengo zatian Lekitto Musika Bandaren txanda izan da beti. Bigarren zatian, aldiz, jam session bat egin izan dute Gorka Benitez saxofoilariaren eskutik, edonork parte hartzeko. Espainiar Estatuko jazz munduko musikari garrantzitsuak edota euskal literatura, bertsolaritza eta beste musika mota batzuetako artistak ere hurbildu izan dira jam session honetara eta bi zatiak batuz berezi egin izan dute gaua. 2006tik ona 50 artista ezagunetik gora parte hartu dute Gau Magikoan.
Aurten, ordea, lehenengo zatiagaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, hau da, musika bandaren kontzetuagaz bakarrik. “Musika modernoa oinarri izanda, talde ezagunen abestiak joko ditugu gaur gauean: Ray Charles, Adele, Bohemian Rhapsody edo The Police bezalako talde ezagunen bertsioak. Ondoren, guztiontzako ezagunak diren eta barnea mugitzen dizkiguten euskal abestiek emango diote amaiera kontzertuari”.
Nahiz eta aurten ezin izango duten bigarren zatia burutu, Lekitto Musika Bandaren asmoa, lanean jarraitzea da, jam sessiona berreskuratzeko: “Lanean jarraituko dugu, instituzioekin akordioetara heldu eta datorren urteetara begira betiko formatua bueltan izateko”.
Egun “berezia” izaten da gaurkoa musika bandarentzat, urte guztian egindako lanaren isla izaten baita gaur gauean joko duten kontzertua: “Gau Magikoa oso berezia izaten da guretzat. Ez gaurko eguna bakarrik, urtero aurreko egunean ere kontzertua eskaintzen dugu Talako tabernako terrazan. Esperientzia eraldatzaile bezala definitu genezake, musikari handiekin lan egiteko aukera ematen digu eta izugarri ikasten dugu honekin. Horrez gain, gure artean jazzaren inguruko kultura sortzea ere lortu dugu. Honen adibide, azken urteetan 7 musikari profesional sortu direla bandatik, goi mailako ikasketak burutu dituztenak, eta baita ere beste hainbat proiektu sortu dituztenak ere. Urte guztiko lanaren ondorioz jasotzen dugun saria izaten da Gau Magikoa, baita honen inguruak egiten ditugun ekintzak ere, eta aurten honen falta somatuko dugu. Hala ere, gure hoberena emango dugu gaueko kontzertuan eta jendeak pozez hartuko gaituela aurreikusten dugu “.