Bihar amaituko da Lekeitioko San Antolin jaietako Paella txapelketan izena emateko epea
Kultur etxean egongo da izena emateko aukera, 15:00etatik 21:00etara bitartean.
Urtero legez, aurten ere Paella txapelketa egongo da Lekeitioko San Antolin jaietan, irailaren 3an [martitzena] plazan. Bihar [abuztuak 27] amaituko da izena emateko epea. Kultur etxean egongo da apuntatzkeo aukera, 15:00etatik 21:00etara bitartean. Lekeitioko Udalak hainbat zertzelada bota ditu Paella txapelketako araudiari dagokionez.
Paella txapelketan parte hartzeko gutxienez 10 pertsonako taldeak izan beharko dira eta ezinbestekoa izango da epe barruan izena ematea. Kultur etxean eskatuta edo web-orrialdetik jaitsita lortu daiteke apuntatzeko orria eta bertan hainbat datu eman beharko dira: taldearen izena, arduradunaren izena, telefono zenbakia, e-maila, aulki kopurua (3 euro ordaindu beharko da bakoitzeko) eta mahai kopurua (6 pertsona mahai bakoitzeko, eta 11 euro ordainduta). Horrez gain, kuadrilla bakoitzak izena emateko orduan zehaztu beharko du aurkeztuko dituen paella kantitatea eta bakoitzari izen bat jarri beharko dio. Ordainketari dagokionez, “derrigorrez” eskudirutan egingo da, izena emateko momentuan bertan.
Talde bakoitzeko arduraduna 08:45ean egon beharko da kiosko aurrean, muntaian eta antolakuntzan laguntzeko eta gainera, desmuntaia parte hartzaile guztien artean egingo dute dena amaitutakoan, 18:00etan. Lekeitioko Udala arduratuko da plater, edalontzi eta tenedoreak banatzeaz baina janaria prestatzeko tresneria kuadrilla bakoitzak eraman beharko ditu.
13:00etarako aurkezteko prest egon beharko dira paella guztiak eta epaimahaiko kideek irabazleak aukeratu ondoren banatuko dira sariak. Jai Batzordeak aukeratutako 3 epailek osatuko dute epaimahaia eta aurkezpena, zaporea eta puntua baloratuko dituzte. Guztira hiru sari banatuko dira.
Kuadrilla bakoitzak erabilitako espazio garbi uzteko ardura hartuko duela azpimarratu du Lekeitioko Udalak eta horretarako materiala egongo dela.