Giro "ederrean" igaro zen Indiano Eguna Lekeition
200 lagun inguru batu ziren iluntzeko topaketetan. Antolatzaileek balorazio "ona" egin dute eta datorren urteko Indiano Egunean jarri dute begirada.
Zapatuan [abuztuak 24] ospatu zuten Indiano Eguna Lekeition, Zaletxuak Kultur Elkatearen eskutik. Goizean goizetik txistularien doinuek girotu zituzten udalerriko kaleak eta eguraldiak momentu batzuetan lagundu ez bazuen ere, giro “ona” egon zela azpimarratu dute antolatzaileek: “Giro ederra egon zen egun guztian zehar. Batzuk goizetik mozorrotuta atera ziren kalera eta bazkalorduan bazkariak egon ziren elkarte desberdinetan. Txistulariekin hasi genuen eguna eta oso ondo atera zen”.
12:00etan Diasporako kontuak hitzaldia egon zen Kultur etxean Esther Kortaren eskutik eta “interesgarria” izan zela adierazi dute elkarteko kideek: “Ordu eta erdiko hitzaldia izan zen, oso interesgarria, guztira 30 lagun inguru egon ginen. Lekeitioko hainbat pertsonaia ospetsuren izenak ere aipatu ziren, gaur egun herriko kaleen izenak direnak. Esaterako, Uribarren, Abaroa… eta beste hainbeste. Horrez gain, emakumeen paperaren inguruan ere jardun genuen eta istorio bereziak atera ziren mahaigainera”.
Arratsaldean Eskolapean batu ziren guztiak, Indiano Topaketetan, Photcall eta guzti: “Guztira 200 lagun inguru batu ginen bertan. Euria gelditzean egunak beste kolore bat hartu zuen”. Orain, datorren urteko Indiano Egunean daukate begirada Zaletxuak Kultur Elkarteko kideek, indarberrituta atera baitira zapatuko egunetik.