Lekeitioko San Antolin jaiak "inoiz baino inklusiboagoak" izatea da udalaren helburua
San Antolin jaiak "denentzako" izan behar direla azpimarratu du Lekeitioko Udalak. Horretarako, ekintza desberdinak sustatuko dira.
Lekeitioko Udalak aurtengo San Antolin jaiak “inoiz baino inklusiboagoak” izango direla adierazi du. Irailaren 1etaik [domeka] 8ra [domeka] bitartean ospatuko dira San Antolinak eta “guztion gozamenerako” jaiak izatea da udalaren helburua. Horretarako, ekintza desberdinak sustatuko dituzte.
Ekintza hauei dagokienez, gurpildun aulkien erabiltzaileentzako oholtza bat jartzea izango litzateke horietako bat “kontzertu eta ikuskizunak hobeto ikusteko”. Honetarako, gutxienez %33ko desgaitasuna izatearen ziurtagiria aurkeztu beharko dela adierazi du Lekeitioko Udalak: “Jende gehien pilatzen duten ekintzan plazan izaten direla ikusita, mugikortasun hrria duten pertsonentzako oholtza berezi bat jarriko da, hainbat herritarren eskaeraren erantzunez. Abuztuaren 27tik irailaren 7ra bitartean aurkeztu beharko da ziurtagiria eta dokumentu hori aurkeztean jarritako oholtza horretan egoteko akreditazioa lortu ahalko da, erabiltzailearentzako eta laguntzaile batentzatko”.
Barraka inklusiboak ere jarriko dituzte, zehazki, ohe elastikoei dagokienean. Horrez gain, zarata gabeko guneak sortuko dituzte: “Zaratekiko hipersentsibilitatea duten haurrek ere barrakez goza dezaten, irailaren 2an eta 7an, 17:00etatik 19:00etara, ez da musikarik egongo feria gunean”.
Azkenik, laguntza txartela egongo da eskuragarri, “aniztasun funtzionala duten pertsonek barraketako ilaretan denbora gutxiago egoteko txartela eskuratu ahal izango dute”.
Ekintza hauekin San Antolin jaiak inklusiboagoak izatea bilatuko dela nabarmendu du udalak eta “herri guztiarentzako jaiak” antolatzeko pausoak emango direla aipatu du.