Urteko emaitzarik onena lortu zuen Ondarroako gizonezkoen taldeak etxeko estropadan
Hirugarren postua lortu zuen etxeko taldeak Eusko Label Ligako Ondarroako estropadan. Lekittarrak gelditu ziren laugarren.
Zapatuan [abuztuak 24] lehiatu zen Ondarroako XL Bandera, Eusko Label Ligako 17. jardunaldia izan zen. Hirugarren postuan gelditu zen Ondarroa eta Arraun Elkarteko kideak pozik daude lortutako emaitzagaz. “Oso pozik gaude. Urteko emaitzarik onena izan da eta gainera, etxean. Arrazoi ona da pozik egoteko, bai arraun elkarteko kideok eta baita herritar guztiak ere”, adierazi du Koldo Azpiazuk, Ondarroa Arraun Elkarteko lehendakariak.
Getariak irabazi zuen bandera, bigarren txandako denbora onenagaz eta lau segundoko aldeagaz Orio izan zen sailkapenean bigarren postua lortu zuena. 21:29,88ko denboragaz lortu zuten hirugarren postua Ondarroak eta atzetik, laugarren gelditu ziren Lekittarrak, 36,40 segundoko aldeagaz. “Gure txandan haizeak asko lagundu zigun. Ohorezko txandakoek baldintza gogorragoak izan zituzten. Zorte kontua izaten da askotan, batzuetan kontrarako eta besteetan alderako, oraingoan gure baldintzak hobeak izan dira eta denbora ona egin dugu. Hala eta guztiz ere, gure txandan kaleak ez digu asko lagundu. Haizearen eta olatuen norabideei dagokienean, guk baldintza txarragoak izan ditugu Getaria eta Orio baino”.
Egun biribila izan zen ondarrutarrentzat, giro “aparta” egon baitzen kalean: “Jende asko hurbildu zen herrira eta goizean goizetik atera zen jendea kalea Ondarroa Arraun Elkarteko kamisetarekin”. Antolakuntza aldetik dena ondo atera zela azpimarratu du Azpiazuk: “Ez genuen inolako arazorik eduki, oso ondo joan zen dena. Arraun elkarteko kideez gain, boluntario lanetan ibili ziren beste hainbeste, horrelako egun batean jende asko behar da eta”.
Ondarroa Arraun Elkarteko lehendakariak “eskerrak” eman nahi izan dizkie zapatuan antolakuntzan eta taldea animatzen ibili ziren denei: “Eskerrak eman nahi dizkiet arraun elkarteko kideei, baita ere, egunean borondatez antolakuntza lanetan ibili zirenei ere. Horrez gain, gure partetik eskerrik asko Arrigorri Itsas Elkarteko bateleroei, beraiek baitira estropada eremua zaintzen dutenak, bestela, ezingo genuke ezer antolatu. Amaitzeko, Ondarroako herriari ere eskerrak eman nahi dizkiot, goizean goizetik gure kamiseta jantzi eta taldea animatzera irtetzeagatik”.