Arartekoak esandakoaren aurrean Lekeitioko Udala hartutako erabakian berretsi da
Lekeition duintasunez bizitzeko politikak garatzea da udal gobernuaren helburua. Uda bukatzerakoan herritarrekin batera balorazio sakonagoa egitea da asmoa "ondo egindakoak eta hobetu beharrekoak" aztertzeko.
Ekainaren 15ean jarri zuen martxan Lekeitioko Udalak aparkaleku sistema berria, herrian aparkatzeko arazoari urgentziazko konponbideak bilatzeko helburuagaz. Erabaki honen aurrean hamaika “esker mezu” jaso dituzte, baina kontrako iritziak ere azaleratu dira: “Zoritxarrez, beste behin, aparkaleku sistemaren gaia jarri digute mahaigainean, kanpotik”. Oraingo honetan, Arartekoa izan da aparkaleku sistema berria “diskriminatzailetzat” jo duena, “Udal gobernu honen printzipio nagusia nor bere tokian duintasunez bizitzea da. Horrela, lekeitiarrak Lekeition duintasunez bizitzeko politikak garatzeko helburuagaz bultzatu zuen udalak aparkaleku sistema berri hau. Arartekoaren adierazpenak errespetatzen ditugun arren, Lekeitioko Udala hartutako erabakian berresten da“.
7.000 biztanleko herria da Lekeitio baina uda garaian hirukoiztu egiten da zifra, eta horrek herritarrengan ondorio zuzenak dituela nabarmendu dute udal ordezkariek: “Uda honetan ikusi ahal izan dugun moduan, munduan gero eta txoko gehiago dira turismo masiboaz kexatzen ari direnak, herritarrek zuzenean sufritzen dituzten ondorioengatik. Horregatik, guk argi daukagu erakundeek neurriak hartu behar dituztela herritarrak babesteko orduan”.
Sistema berri hau jartzea “aurrerapausoa” izan dela azpimarratzeaz gain herritarrek herrian “lasaiago” aparkatzeko aukera izan dutela aipatu du Lekeitioko Udalak. “Horrez gain, herri barruan trafikoa gutxitu egin da. Honek guztiak herritar, udatiar zein egun pasa datozenen bizi kalitatea hobetu du”. Udala herriarekin “guztiz konprometituta” dagoela nabarmendu dute eta gainerakoei Lekeitioko herriarekin enpatia izateko eskatu diete. “Uste dugu hemen ez dagoela inongo diskriminaziorik; hemen dagoena, herritarren duintasuna babesteko ahalegin benetako baino ez da. Gainera, badakigu, Lekeition bigarren etxea duten hainbatek planteamendu berri hau babestu dutela, eta horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu”.
Uda amaitzerakoan herritarrekin batera “balorazio sakonagoa” egitea da udalaren helburua, “bertan aztertuko ditugu ondo egindakoak eta hobetu beharrekoak”.
Sistema berria. Aparkaleku sistema honen arabera hiru gune desberdinetan dago banatuta herria. Gune berdea, gorria eta urdina. Gune berdea, egoiliarren gunea da eta herri barru guztia hartzen du. Gune gorriari dagokionez, eremu komertzialetan erosketak egiteko errotazio azkarreko aparkalekuen gunea da, gehienez 30 minutuko egonaldia egin ahal da eta ordutegi mugatua dauka. Gune urdina, berriz, herri kanpoko aparkalekuek osatzen dute eta nahiz eta ordainpekoak diren lehenengo hiru orduetan ez da ordaindu behar.
Udalerri txikiak. Herri txikiz inguratuta dago Lekeitio eta aparkaleku sistema berri honekin herri txikietako herritarrek lekeitiarren besteko eskubidea dute aparkatzeko orduan. Honen aurrean iritzi kontrajarriak plazaratu ziren sistema berria martxan jarri aurretik baina Lea-Ibarra eta inguruko herriek beraien esker ona adierazi nahi izan zien Lekeitioko Udalari.