Jendetza batu zen Mendexako Azoka Egunean
Mendexako Udaletik balorazio "oso ona" egin dute. Datozen urteetara begira azoka mantentzea da udalaren helburua.
Domekan [abuztuak 25] ospatu zen Azoka Eguna Mendexan eta udalak balorazio “oso ona” egin du. Ekoizleen 12 postuk eta artisauen beste 14 postuk osatu zuten azoka, eta saltzaileak “oso pozik” geratu ziren saldutakoarekin.
Goizeko lehenengo orduetan eguraldia zela eta azoka pilotalekura mugitzeko ideia izan arren, plazan jartzeko erabakia hartu zuten antolatzaileek: “Erabakia ezin hartuta egon ginen baina azkenean plazan gelditu ginen eta eguraldia hobetuz joan zen. Jende asko hurbildu zen azokara. Antolakuntzatik balorazio positiboa egin dugu eta artisau eta ekoizleak ere oso pozik bueltatu ziren etxera, salmenta onak eduki zituztelako”.
Umeen gunean ere haur “asko” batu ziren, eta trikitilarien laguntzagaz “giro ederra” egon zela azpimarratu dute antolatzaileek: “Ezin hobeto joan zen azoka eguna eta datozen urteetan ere abuztuko azkenengo domekan Mendexako Azoka Egunari lekua ematea da gure helburua“.