Antzar jaia hobetzeko helburuagaz, aldaketak egingo dituzte Lekeition
Irailaren 5ean [eguena] ospatuko da Antzar Eguna Lekeition. Aurreko egunean eman beharko da izena kultur etxean.
Berezia bezain garrantzitsua da Antzar Eguna lekeitiarrentzat, goizean goizetik alkandora eta zapia jantzi eta Antzar jokoaren zozketara jaisten dira herriko kuadrillak. Antzar Batzordea da jaia antolatzeaz arduratzen dena eta aste batzuk lehenago parte hartuko duten kuadrillen ordezkariekin bilera bat egiten dute, xehetasunak azaltzeaz gain, urtero egon daitezken berrikuntzen berri emateko: “Abuztuaren 23an egin genuen bilera eta bertan azaldu genituen aurten egongo diren aldaketak. Guztira 99 ordezkari hubildu ziren eta nahiz eta irailaren 4ra arte ez dugun kopuru zehatza jakingo”.
Hobekuntzei dagokienez, antzarraren mekanismoa aldatu dute aurten: “Aurtengo urtera arte antzar bakar bat erabiltzen zen eta aldaketa egiteko orduan burua aldatzen genion bakarrik. Aurten, antzar osoa aldatuko da Lekitioko Udalak bi antzar berri erosi dituelako. Denbora asko galtzen da burua aldatzeko orduan eta dena aldatuta azkarrago egingo dugu. Gainera, aurreko urtean 17 txalupa antzar jokoa egin gabe gelditu ziren eta horren harira kexa batzuk jaso genituen. Balorazioa egin ostean hobekuntza bezala egokiena antzar berria jartzea zela ikusi dugu. Horrez gain, antzarraren lepoaren luzera motzagoa izango da eta lepoa eta burua lotzen duen tartea zabalagoa. Gainera, lepoaren flotagarritasuna hobetu dugu, ez hondoratzeko”.
Urtero legez, irailaren 4an izango dute aukera lekeitiarrek Antzar jokoan izena emateko, 10:00etatik 13:00etara bitartean, kultur etxean. Patroi doanak patroi lanei lotutako tituluren bat izan beharko du: “Parte hartzaileen artean bi multzo egingo dira. Batetik, lekeitiarrak egongo dira eta bestetik, gainontzekoak. Lekeitiarrek lehentasuna izango dute, beraz, zozketaren momentuan bakoitzak dagokion multzotik hartu beharko du zenbakia”. Lehenengo multzoan sartzeko, 8 partaide Lekeition erroldatuta egon beharko dira, 6 arraunlari, patroia eta harrapatzailea. Horretarako, NANaren fotokopia eta txaluparen izena emango dute izena emateko orduan.
Zozketa Antzar Egunean [irailak 5] egingo da Lekeitioko Plazan, 12:00etan, baita harrapatzaileen pisaketa ere, “harrapatzaileak gehienez 75 kilo pisatu eta 18 urtetik gora izan beharko ditu, bestela, gurasoen agiri sinatu bat aurkeztu behar du”. Antzar jokoak hiru ordu irauten ditu, 16:00etatik 19:00etara eta antolatzaileek porturatzeko bakoitzak duen ordua errespetatzeko eskatu dute: “Txalupa guztiak sartu behako dira Abadeen Moilatik. Lehenengo 30 txalupara 16:00etarako egon beharko dira portuan, irteera inguruan eta gainerakoak ezingo dira inguru horretan egon. 17:00etarako 31tik 60ra bitarteko txalupak bakarrik egon beharko dira eta 18:00etarako, gainerakoak”. Ordu hauek “zorrotz” errespetatzeko eskatu dute antolatzaileek, bestela portua txalupaz betetzen baita eta elkarri traba egiten baitiote. Behin jokoa burutu ondoren, ezin izango da berriro bueltatu. “Txalupa bakoitzak 90 segundo izango ditu irteera ematen dugunetik antzarrera heltzeko”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Sariei dagokienez, hiru kategoria desberdin egongo dira: Antzarrari burua kenduta altzadarik gehien egiten duen harrapatzailea, antzarrari burua kendu gabe altxadarik gehien egiten duena eta dotoreena. Hirugarren sarian txalupa, janzkera, arraunen margoketa eta abiadura puntuatuko dira.
Ilusioz beteta daude antolatzaileak, urte guztiko lanaren isla baita Antzar Eguneko jokoa: “Egun berezia izaten da lekeitiarrontzat, ilusioagaz egiten dugu lana. Goizean goizetik urduritasuna nabari da, egun handia baita. 400 urteko tradizioa da eta horrekin dena esanda dago”.