Auzolana ardatz, badatoz Milloi auzoko San Antolin jaiak
Barikuan [abuztuak 30] hasiko dira Berriatuko Milloi auzoko San Antolinak, eta hiru eguneko egitarau zabalagaz gozatzeko aukera egongo da. Urtero legez, txapelketaz betetako jaiak izango dira aurten ere.
Kanpai hotsekin eta ikurrinaren igoerarekin batera hasiko dira barikuan [uztailak 30] Berriatuko Milloi auzoko San Antolin jaiak. 1992an hasi ziren jaiak antolatzen Milloi auzoan eta ordutik hiru eguneko egitarau biribilagaz gozatzeko aukera izan dute, betiere auzolana oinarri izanda: “30 baserri inguru daude auzoan eta talde ederra batzen gara jaiak antolatzeko orduan, horrek ahalbidetzen du hiru eguneko egitaraua antolatzea. Auzolana da oinarria eta guk horri ematen diogu garrantzia, auzolanari eta bakoitzak egiten duen lanari”.
Behin jaiei hasiera eman ondoren 27. mus txapelketa egongo da eta egunean bertan eman beharko da izena. 23:00etan hasiko dira kontzertuak eta egongo diren hiru taldeak dira Lea-Artibai eskualdekoak: “Shibari talde ondarrutarrarekin emango diogu hasiera gauari. Hasiera batean Bizkaiblues taldea bazetorren ere, aldaketa bat egin behar izan dugu”. Shibari taldearen ondoren Karkaxi talde berriatuarra igoko da oholtzara eta gero, Paranoia talde ondarrutarra. DJ Txosekin emango diote amaiera lehenengo egunari.
Domekan [irailak 1] jarraituko du egitarauak, San Antolin bezperan, eta 11:00etako elizkizunaren ondoren 22. Trialoi berezia egongo da, korrika, bizikletagaz eta motorragaz. 13:30ean bertso saioa izango dute Uxue Alberdi eta Nerea Ibarzabal bertsolarien eskutik eta ondoren, auzo elkartean batuko dira bazkaltzeko. Txosnan egongo dira bazkariko tiketak salgai. Bazkalostean bigarren bertso saioa eskainiko dute Ibarzabalek eta Alberdik.
Arratsaldean Iñaki Larrañaga eta Imanol Intxaustiren erromeriak girotuko du auzoa, trikitilariekin batera: “Domeka arratsaldean, normalean, herri kirolak egoten dira baina aurten hauei atsedena eman eta erromeria jarri dugu”.
San Antolin eguna izango da azkenengoa, astelehenean [irailak 2]. 12:00etako mezaren ondoren 19. txapel jaurtiketa egongo da eta horren ostean, auzotarren bazkaria edukiko dute. 18:00etan emango diote hasiera 26. briska txapelketari eta 18:30ean umeen jolasekin biribilduko dute eguna.
Auzotarrak gogotsu daude jaietarako eta inguruko herrietako jendea hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute: “Azkenengo urteetan erantzun ona egon da jendearen aldetik eta espero dugu oraingoan ere horrela izatea. Gogotsu gaude jaietarako, urte asko daramatzagu jaiak antolatzen eta auzora jaia, poztasuna eta bizia ekartzeak ez dauke preziorik. Denok batu eta elkarrekin momentu hauek pasatzea polita da. Inguruko jendeari gonbidapena luzatu nahi diegu, eskuzabalik hartuko ditugu hurbiltzen diren guztiak”. Jai Batzordeko kideek emandako laguntza guztia eskertu nahi izan dute: “Babesle, laguntzaile, udal, eragile, komertzio… eskerrak eman nahi diegu denei, laguntzeko eskua luzatzeagatik”.