San Antolinetarako gogotsu daude lekeitiarrak
Domekan [irailak 1] hasiko dira Lekeitioko San Antolin jaiak. Zortzi eguneko egitarau biribilagaz datoz oraingoan ere.
“Jai alaiak, parte hartze handikoak, aldarrikapenez beteak eta euskaldunak”. Horrela definitu ditu San Antolin jaiak Ander Aldazabal Lekeitioko alkateak. Anteronen jaitsieragaz batera domekan [irailak 1] emango diote hasiera jaiei eta zortzi eguneko egitaraua izango dute aurretik, irailaren 8ra [domeka] arte iraungo baitu jai giroak. “Guretzat, behintzat, munduko jairik onenak direla diogu beti. Denok eguraldiari begira bagabiltza ere, aurtengoak ere ederrak izango direla ziur gaude. Jenderik ez da faltako!”, aipatu du Aldazabalek.
Irailaren 1a “berezia” izan ohi da beti, kanpai hotsekin, txupinazoarekin eta Anteronen jaitsierarekin batera koloreztatzen baitira Lekeitioko kaleak. Aurten, gainera, lehenengo aldiz herritarrek aukeratu dute txupinera: “Poz-pozik gaude sekulako parte hartzea egon delako. Herritarrek egin zituzten hasierako izen proposamenak eta horien artean txupinera izateko aukeraketa ere eurak bozkatu dute. “Markes alabak” izenarekin Romi eta Ixone Markes izango dira San Antolin jaietan txupina botako dutenak”. Jai Batzordeko kideak dira “Markes alabak” eta urte askotan zehar herriko jaietako ekintzak antolatzen ibili ostean, herriak txupina botatzeko ardura esleitu die.
Irailaren 3ko [martitzena] paella lehiaketa beti izaten da jaietako ekimen “garrantzitsuenetakoa”. Parte hartze handia egoten da eta aurten, 54 taldek eman dute izena, guztira 696 lagunek. Bestetik, aurten, portuko txosnak ere formatu desberdinagaz datoz. “Aurreko urteetan ez dugu eguneko egitaraurik antolatu txosnagunean, gabeko eskaintza bermatu izan dugu. Baina aurten, egun puntualetan eguneko egitaraua lotzeko apustua egin dugu”, aipatu dute portuko txosnetako antolatzaileek. Beraz, irailaren 3a “Herri Mugimenduaren Eguna” izango dela jakinarazi dute, “herri mugimenduak txosna bat jartzen du jaietan eta bertan herriko eragile desberdinak batzen gara: AEK, Ikastola, Lekittoko Gaztiak, Lekittoko Diabruak, Guraso Elkartea, Mugimendu Feminista… Urte guztian zehar eragile bakoitzak antolatzen duen ekintzetatik haratago joan nahi izan dugu oraingoan, jaietan ere gure ekarpena egiteko”.
Ideia horri tiraka antolatu dute aurten “Herri Mugimenduaren Eguna” eta herriko eragileei kalera aldarrikapenekin ateratzeko deia egin diete. Beste egunei dagokienez, irailaren 6an [barikua] Ernai eta Ikama izango dira eguna antolatzeaz arduratuko direnak: “Irailaren 8an [domeka] Bat eginez independentziara! manifestazioa dugu Donostian, Ernaik deituta. 2023ko irailaren 22an Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratzeaz salatzeko asmoagaz, bi ekimen burutu zituen Ernai Gazte Antolakundeak eta 133 kide identifikatu zituzten. Mozal legea aplikatuta zortzi hilabete beranduago isunak jarri zizkieten eta guztira 300.000 euroko isunari aurre egin behar diogu orain”. Beraz, lekeitiarrak irailaren 8an jaietan murgilduta daudenez, elkartasuna adierazteko Bat eginez independentziara! eguna antolatu dute barikuan [irailak 6]. Portuko txosnetako egitarauagaz jarraituz, irailaren 7an [zapatua] Gazte Eguna antolatu du Lekittoko Gazte Asanbladak. Parkeko gunean ere egitarau oparoagaz gozatzeko aukera egongo da gaztetxoenentako.
Antzar Eguna [irailak 5] berezia bezain garrantzitsua da lekeitiarrentzat, eta aurten, aldaketekin dator. “Aurten gomazko antzaren lepo berriak erosi dira, laburragoak eta buru handiagoarekin, antzara harrapatzaileek horrela eskatuta. Horrez gain, bi antzara berri ere erosi dira, aldaketetan denbora gutxiago galtzeko”, nabarmendu du alkateak. Herritarrentzako ere egun “ederra” da irailaren 5a [eguena], “herritarrontzako Antzar Eguneko goiza oso berezia da. Goizean goizetik ogia erostera jaitsi eta herritarrak alkandora eta zapia jantzita ikustea, zozketaren momentuko urduritasuna edo txalupara jaisteko momentua, ederra da“.
Jaiak herritar “guztientzat” izan behar direla azpimarratu du Lekeitioko Udalak. Horregatik, “inklusiboagoak” izateko pausuak eman dituzte aurten: “Gurpildun aulkidunek plazako ikuskizun eta kontzertuak hobeto ikusi ahal izateko oholtza bat jarri dugu udaletxeko eskailera alboan. Oholtza erabiltzeko eguneko baimenak Turismo bulegoan eskatu beharko dira, eta bertan gutxienez %33ko desgaitasuna izatearen ziurtagiria aurkeztu beharko da. Bestetik, ohe elastikodun barraka inklusibo bat ere ekarri dugu. Zaratarekiko hipersentsibilitatea duten haurrek ere barrakez gozatzeko, irailaren 2an eta 7an 17:00etatik 19:00etara ez da musikarik egongo barraketan. Amaitzeko, aniztasun funtzionala dutenek barraketan ilaran denbora gutxiago egoteko txartela eskuratu ahalko dute udaletxeko harreran”.
Zerbitzuak. Jaietan ahalik eta zabor gutxien sortzeko eskatu du udalak eta zaborrontzi gehiago jarriko ditu aurtengo San Antolinetan: “jaiak gozatzea, zaintzea ere bada. Herri arduratsu moduan, herria zaintzeko aurten zaborrontzi gehiago ipiniko dira leku gehiagotan eta hobeto birziklatzeko 5 kontainer desberdin jarriko dira. Bakoitzak atera dezala kalera tangia. Birziklatzeaz gain, gutxiago kontsumitzeko ardura hartu behar dugu denok”. Komunei dagokienez, aurreko urtean komun gehiago jarri eta hauek garbi mantendu izana “oso ondo” baloratu zuten herritarrek eta aurten ere, horrela egingo dute, komun gehiago jarri eta garbi mantentzeko zerbitzua kontratatu. Horrez gain, Lekeitiora garraio publikoan hurbiltzeko deia egin dute udaletik: “Horregatik, Bizkaibusarekin elkarlanean, zerbitzua indartu dugu irailaren 2an, 5ean eta 8an. Gababusa ere egongo da irailaren 1ean”.
Aldarrikapenez betea. “Jaietan egon ezin direnak ere egongo dira”, aipatu du Ander Aldazabal alkateak, Lekeitio “elkartasun handiko herria” delako. “Auzokidea bakarrik badago, kolpe eta ekarri gurekin kantatzera. Eta osasun arazoek, lanak edo barrote ilunek eragotzita San Antolinetara etorri ezin duzuenok, eduki zabal-zabalik leihoak, geure ahotsik ozenena egingo dugu eta kantua zuenganaino heltzeko. Amaitzeko, gure irrintzirik zoliena bidaltzen diogu Palestinar herriari”, aldarrikatu du Aldazabalek. Horrez gain, txosnagunean ere, 00:00etan, bost minutuko geldialdia egingo dute, Palestinar herriari elkartasuna adierazteko.
Erasorik ez. Abuztuaren 31n [zapatua], jaien bezperan, eraso matxistak prebenitzeko helburuagaz kaleak hartuko ditu Lekeitioko Mugimendu Feministak. 21:00etan hasiko da mobilizazioa Tortola kaletik, “Jaietan ere antolatuta gaude! Erasotzaileak kanpora!” lemapean. Horrez gain, alkateak argi adierazi du jaietan ere ez dutela “inolako erasorik” onartuko. “Erasoa jasan duenaren segurtasuna lehentasuna da guretzat, eta horretarako espazio seguruak jarri ditugu Mugimendu Feministarekin eta Txosna Batzordearekin elkarlanean”. Gainera, Lekeitioko Udalak antolatuta Brigada Morea egongo da Udaletxeko eskailera aurrean irailaren 1ean eta 5ean 10:00etatik 02:00etara bitartean eta irailaren 6an eta 7an 11:00etatik 03:00etara bitartean. Bestetik, Portuko Txosnetan ere eraso matxisten kontrako protokoloa egongo da eta aurreko urteko baloraziotik eta irakaspenetatik berritu eta hobetu egin dute: “Iaz, orain arte kontuan hartu ez ditugun motatako erasoak eman ziren eta horrek protokoloari buelta bat ematea eragin zigun. Eraso matxisten kontrako protokoloa deitu diogu baina kolektibo zapalduen kontrako eraso guztiak barnebiltzen ditu; emakumeenganakoak, LGTBIQ+ kolektiboarenganakoak, arrazistak, lodifoboak, kapazitistak…”. Txosnagunean erasoak salatzeko telefono zenbakia egongo dela azpimarratu dute antolatzaileek: “Erasoen aurrean, deitu 622 79 03 62 zenbakira. Jai guztietan egongo da telefonoa martxan, irailaren 1etik 8ra”. Erasoak salatzeko orduan, txosnak erreferentziazko guneak direla aipatu dute: “Nahiz era erasoa herriko beste leku batean eman, jendea txosnetara etortzen da salatzera eta hori, adierazgarria da“.