Uda Euskal Herrian igaro ondoren, etxera itzuli dira haur sahararrak
Bi hilabeteren ondoren Saharara bueltatu dira Lea-Artibai eskualdera uda pasatzera etorri diren bederatzi haurrak.
Eguaztenean [abuztuak 28] hartu zuten bueltako hegazkina Oporrak Bakean programaren baitan Lea-Artibai eskualdean uda pasatu duten bederatzi haur sahararrek. “Uda ederra izan da aurtengoa ere. Oso esperientzia polita izaten da urtero, Yaalah Elkarteko kideontzat, harrera familientzat eta baita umeentzat ere. Aurten haur batzuk lehenengo aldiz etorri dira gure herrietara, eta hauentzako, egokitzapenerako denboraldia izan da. Beste batzuk, ordea, hizkuntza, herria eta jendea ezagutzen dute”, aipatu dute Yaalah Elkarteko kideek.
Hilabete osoan plan desberdinak egiteaz gain haurren osasunari jarraipena egiteko helburuagaz, medikura bisitak egiteko ere aprobetxatzen dute denboraldia: “10 hilabete barru egingo dute buelta berriro. Nahiz eta Oporrak Bakean Yaalah Elkarteak bultzatutako programa izan, ezingo genuke aurrera eraman harrera familien konpromisorik gabe. Beti egongo gara eskertuta honekin, umeei bizitza zati bat ematen baitie”.
Malkoak tarteko, eguaztenean agurtu zituzten haurrak, bi hilabetean Euskal Herrian egon ondoren: “Aireportuan urduri zeuden haurrak, bueltatzeko eta familiari udako bizipenak kontatzeko gogoz”. Yaalah Elkartetik Sahara aske bat lortu arte lanean jarraituko dutela nabarmendu dute: “Oporrak Bakean programa gehiago ez egitea izango litzateke idealena, horrek, Sahara aske batean bizi direla esan nahiko luke. Eta gu, beraien herrira bisitan joango ginateke”.
Hurrengo bidaia. Azaroan 29tik abenduaren 7ra bitartean aurreikusi dute Yaalah Elkarteko kideek Saharara joateko hurrengo bidaia: “Gauzak ondo joanez gero, data horietan bidaiatuko dugu. Gutxinaka taldea osatzen goaz, elkarteko kideon eta harrera familien artean eta Bir Ganduseko arduradunekin kontaktuan gaude. Orain dela bi urte emakumeen etxe bat sortzeko proiektua hasi genuen bertan eta aurten proiektu hori nola indartu pentsatu behar dugu, bertako arduradunekin batera. Sahararren beharrizanak mahaigainean jarri eta datozen hilabeteetan bidaiaren inguruko aurre prestaketa guztia antolatu behar dugu”.