Erkiaga eta Manci, Lekeition txapeldun
Zapatuan [abuztuak 31] jokatu zuten finala Ladutxe eta Del Rioren aurka. Aurretik, emakumeen desafioa jokatu zuten eskualdeko puntistek.
Gernika-Lumon bezala Lekeition. Aritz Erkiagak eta Mikel Mancik beste behin erakutsi dute bikote sendoa osatzen dutela eta txapela jantzi zuten Lekeitioko Master Seriesean. Santi Brouard pilotalekua bete zuten ikusleek partida “bizi eta entretenigarriez” gozatzeko aukera izan zuten zapatuan [abuztuak 31].
Hain zuzen ere, lehendabizi, emakumeen desafioa jokatu zuten eskualdeko zenbait puntisten parte hartzearekin. Batetik, Helena Barrenetxea eta Maialen Aldazabal berriatuarra, eta bestetik, Ihart Arakistain eta Ane Elezgarai mutrikuarra. Elezgarai izan zen berritasuna eta Arakistainen laguntza izan bazuen ere, ezin izan zuten Barrenetxea eta Aldazabalen sendotasuna hautsi: 15-7 eta 15-7 nagusitu ziren.
Lekeitioko Master Seriesa Jai Alai Ligarako puntuagarria izan ez arren, dena ematera atera ziren puntistak. Txapel bat, txapel bat da azken batean. Lehen tantoa horren seinale izan zen: Erkiagaren hormabikoa, Ladutxek sarearen kontra ahal bezala eraman, ispastertarrak txapa gainean moztu, getariarrak berriz eraman eta azkenean marroien tantua. 8-2 aurreratu ziren eskualdeko puntistak. Hala ere, zaleek batez ere getariarraren ahalegina txalotu zuten, ez zuen tanto bakar bat barkatu. Ez da inoiz erraza Erkiagaren aurka jokatzea: 15-7 lehen jokoan.
Bigarrenean, berriz, Del Riok eta Ladutxek hartu zuten aurrea joko guztian zehar. 2-6 eta 3-8 aurreratu ziren. Pilota bizituz joan zen eta berez bizkorra den pilotalekuan tantu ederrak izan ziren. Erkiaga eta Manci hurbildu arren, ezin zuten markagailua berdindu. 6-9, 8-10, 9-12, 10-13 eta 11-14 jarraitzen zuten aurretik horiek. Desenpatera bideratuta zegoen partida, baina Ladutxek eta Del Riok ezin izan zuten seta nahi bezala itxi. Mutrikuarrak atzean bi tanto egin zituen eta 14nako berdinketa ispastertarrak maisutasunez apurtu zuen.